Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Delta aldaeraren ondorengo bat atzeman dute, are kutsakorragoa izan daitekeena

Agentziak | EITB MEDIA

AY.4.2 bezala ezagutzen dena (Munduko Osasun Erakundeak oraindik ez du klasifikatu) pandemia hasi zenetik hautemandako aldaera infekziosoena izan liteke.

  • Hainbat zientzialari, covid-19a ikertzeko laborategi batean.

    Hainbat zientzialari, covid-19a ikertzeko laborategi batean. Argazkia: EFE

Gobernu britainiarrak baieztatu duenez, koronabirusaren delta aldaeraren "ondorengo" bat atzeman dute, aldaera hori baino % 10-15 kutsakorragoa izan daitekeena. Kontuan hartu behar da delta aldaera jatorrizko SARS-CoV-2a baina bi aldiz errazago transmititzen dela.

Adituen esanetan, AY.4.2 delakoak eragindako positiboek gora egin dute Erresuma Batuan, eta gaur-gaurkoz kasuen % 10en atzean egon daiteke.

Bi adituk Financial Times egunkariari azaldu diote azpi-aldaera hori arin zabaltzen ari dela, baina ez delta aldaera bezain arin, euren hitzetan.

Delta aldaeraren (B.1.167.2) "ondorengo" horrek S proteinaren "bi mutazio oso berezko ditu":  "Y145H" eta "A222V". Mutazio horiek abantailak eman ahal dizkiote birusari, errazago kutsatzeko, argitu dio Francois Balloux egunkariak aipatutako adituetako batek Science Media Centre aldizkariari. 

Aurreneko datuak baieztatuko balira, AY.4.2a pandemia hasi zenetik hautemandako aldaera infekziosoena izango litzateke, adierazi du University College London unibertsitateko Genetika Institutuko zuzendaria ere badenak.

"Zuhurrak izan behar gara orain. Erresuma Batuan bakarrik zabaldu da modu horretara, eta ez da baztertzekoa ausazko jazoera demografiko batek eragin izana", erantsi du

MOEk ez du oraindik klasifikatu

Ballouxen ustez, "litekeena" da Munduko Osasun Erakundeak (MOE) "ikerketapean jarritako aldaera" gisa jotzea, eta alfabeto greziarreko hizki baten izena jartzea.

Dena dela, "lasai" egoteko deia egin du, "kutsakorragoa izan daitekeen arren, ez da orain artekoa bezain zoritxarrekoa izango", ohartarazi du.

Bien bitartean, Boris Johnson gobernu britainiarreko bozeramaile ofizialak nabarmendu duenez, osasun agintaria "oso gertutik" ari dira aldaera hori jarraitzen. "Hartu beharreko neurriak hartzeko zalantzarik ez dugu izango", ohartarazi du.