Gizartea
Buruko osasuna
Gazteek sufritu dituzte gehien pandemiaren ondorio psikologikoak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ikerketa baten arabera, 18 eta 24 urte arteko gazteek antsietatea, beldurra, isolamendu soziala edo kontrolaren galera pairatu dituzte eta suizidioarekin lotutako pentsamenduak izan dituzte.
-
Ume bat etxeko leihotik begira, 2020ko konfinamenduan. Artxiboko argazkia: EFE
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 18 eta 24 urte arteko gazteek sufritu dituzte gehien pandemiaren ondorio psikologikoak. Besteak beste, antsietatea, beldurra, isolamendu soziala edo kontrolaren galera pairatu dituzte.
Buru Gaixotasuna duten Pertsona eta Senide Elkarteen Euskadiko Federazioak (Fedeafes) egin zuen ikerketa 2020ko abenduaren eta 2021eko ekainaren bitartean, eta astelehenen honetan aurkeztu dituzte ondorio nagusiak, Gasteizen egindako ekitaldi batean.
Aimar Rubio Ede Fundazioko ikertzaileak azpimarratu du "gero eta pertsona gazteagoak" direla covid-19ak eragindako arazo psikologiko "larriak" sufritzen dituztenak.
Ildo horretan, ondoko datua eman du: Basurtuko Psikiatria unitatean ingresatutako gazteen kopurua boskoiztu egin zen 2021eko lehen bost hiletan, 2019ko epe bereko datuekin alderatuta.
Ikerketaren arabera, 18 eta 24 urte arteko neska-mutilen % 44,2k senideren bat galtzeko beldurra sentitu dute; % 42,8k pandemiagatik negar egin dute; % 30,3k antsietatea edo izua sufritu dute; % 24,5ek arnas falta sentitu dute; eta % 15,4k bakarrik gelditzeko beldurra izan dute.
Halaber, pandemiaren ostean gazteen izaeran "aldaketa handiak" antzeman dituzte: "Suminkorrago, tristeago eta urduriago daude, umore aldaketa konstanteak dauzkate eta antsietate gehiago dute".
Aipatu arazo psikologikoak bederatzi urtetik beherako ikasleen artean ere detektatu dituzte. Ikastetxeetatik osasun zentroetara egindako deien kopurua nabarmen hazi da azkenaldian buruko gaitzei buruz kontsultak egiteko.
Horrez gain, pandemiaren eraginez elikadura-nahasmendu kasu gehiago zenbatu dituzte, batez ere emakume nerabeen artean. "Inoiz ez du horrenbeste kasu larri izan", ohartarazi dute.
Bestalde, pandemiak eragindako tentsiogatik, jarrera oldarkorra duten edo kontrola galtzen duten gazteen kopuruak gora egin du. "Suizidioarekin lotutako pentsamenduak dituzten pertsonen kopurua hazi egin da, eta psikiatria unitateetan ingresatzeko bigarren arrazoia da", zehaztu dute.
Etxeko konfinamendua amaituta eta aurrez aurreko klaseetara bueltatuta, ikasleengan "antsietatea, depresioa eta segurtasunik eza" antzeman dituzte. Halaber, gailu mugikorrak gehiegi erabiltzen dituztela eta sozialki isolatzeko joera dutela ohartarazi dute.
Pandemiak eragindako arazo psikologikoak zerrendatzeaz gain, arazo horiei aurre egiteko eremu ezberdinetan (osasungintzan, hezkuntzan, gizartean, lan esparruan edo alor judizialean) egin beharreko hainbat hobekuntza proposatzen dituzte txostenean.