Gizartea
koronabirusa
Ostalariei pandemian terrazetarako emandako ezohiko baimenak kentzeko eskatu dute Bilboko auzo-elkarteek
agentziak | eitb media
Bilboko Auzo Elkarteen Federaziak (BAEF) esan duenez, ostalariei baimen bereziak ematea "justifikatzen" zuten neurriak amaitu egin direla.
-
Bilboko terraza bat. Artxiboko argazkia: EFE
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioaren (BAEF) zuzendaritza-batzordeak pandemia dela eta ostalaritza-lokalei eskainitako baimen bereziak erretiratzeko eskatu du. Esan dutenez, "hori justifikatzen zuten neurriak" desagertu egin dira, eta ez dute egoera luzatzerik nahi.
Xabier Otxandiano Bilboko Ekonomia Garapenerako zinegotziaren adierazpenei erantzun diete horrela, "pandemia garaiko murrizketak zirela eta ezarritako ezohiko baimenak luzatzeko aukera" mahaigaineratu baitzuen.
Argitu nahi izan dutenez, ezohiko baimenak "lokalen barrualdean kontsumitzea galarazten zuten neurriek justifikatzen zituzten". Neurri horiek "desagertu egin dira", eta, horregatik, "ez dugu baimenak luzatzeko nahia ulertzen".
Gainera, federaziotik gogorarazi nahi izan dutenez, espazio publikoaren xedea "herritarren mugikortasunari mesede egitea da, bereziki, oztopo fisikoekin edo espazioaren murriztapenarekin arazoak izan ditzaketen horiei".
Zentzu horretan, ez dute ulertzen herritar guztien erabilerarako den espazioa "partikularren probetxurako erabiltzea".
Horregatik, terrazen hedapenerako ezohiko baimenak erretiratzea eskatu dute, eta "pandemia aurreko" egoerara itzultzea, "hiritarren bizi-kalitatea zaintzeko; oinezko joan-etorriak, atarietara oztoporik gabeko sarbidea edo zarataren murrizketa erraztuz". "Labur esanda, guztiona den espazio horren gozamena berreskuratu nahi dugu", gaineratu dute.