Gizartea
PARLAMENTO EN LAS ONDAS
Alderdi guztiak bat datoz: beharrezkoa da hezkuntza lege berri bat adostea egungo erronkei aurre egiteko
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, eta oposizioak begi onez jo dute lantalde bat osatzea Hezkuntza Lege berri baten oinarriak idazteko. Hala ere, PP-Cs koalizioak kezka agertu du EH Bilduren proiektuarekin.
-
Iñigo Martinez (Elkarrekin Podemos-IU) eta Iker Casanova (EHBildu) Radio Euskadin. Argazkia: EiTB
Alderdi politiko guztiak, Jaurlaritzan daudenak eta oposiziokoak, bat datoz, eta pandemiak euskal hezkuntza sistemaren gabeziak agerian utzi dituela uste dute. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dute gogoeta baten bidez euskal hezkuntza lege berri bat onartzea.
Aitor Urrutia jeltzaleak eta Alberto Alonso sozialistak Radio Euskadin aitortu dute digitalizazioa, desberdintasunak, hizkuntza eredua eta aldaketa demografikoa direla erronka nagusietako batzuk. Urrutiak azpimarratu du, gainera, garrantzitsua dela adostasun zabala lortzea, zeren "ikusi dugu Estatuan gobernu bakoitzak eredu berri bat ezarri duen. Hobe da eredu egonkor bat edukitzea, eta horretarako babes zabala behar da".
Diagnosi horretan bat datoz alderdi guztiak, baina EH Bilduk itundutako sarean eredu publiko-pribatua amaitzean jarri du arreta. Elkarrekin Podemos-IU iritzi bertsukoa da, baina lehenik eta behin segregazioaren arazoa konpondu beharra dagoela gehituta. "Euskadik du Estatuko eta Europako segregazio tasa altuenetako bat", Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IU koalizioko kidearen esanetan. PP-Cs koaliziok, berriz, ez du itundutako sareari buruzko eztabaidan sartu nahi.
Jose Manuel Gil legebiltzarkideak itundutako sarea indartzea eskatu du, eta EH Bilduren proposamenaren aurka agertu da, "hezkuntzan euskara inposatu" nahi dutelakoan. Gurasoek seme-alaben hizkuntza aukeratu ahal izatea da PP-Cs-en helburua.
Horren harira, Iker Casanova EH Bilduren ordezkariak uste du euskara ez dela "eztabaidaren erdigunea", nahiz eta oso garrantzitsua den. Norabide berean hitz egin du Alberto Alonso sozialistak ere: "Euskara ez dugu etengabe eztabaida politikoan sartu behar. Mesederik ez diogu egingo hezkuntza legeari buruzko eztabaidari euskararen betiko kontura mugatzen badugu".
Elektrizitatearen prezioa eta Espainiako Gobernuak kostuak mugatzeko onartu duen dekretua ere izan dituzte hizpide Legebiltzarreko ordezkariek 'Parlamento en las Ondas' saioan. PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk babestu egin dute dekretua. Alberto Alonso sozialistak uste du zerutik eroritako etekinak ezin direla elektriken esku geratu, herritarren kaltetan. "Europan onartutako dekretu ausartena da", defendatu du Iñigo Martinezek. EAJk ere oniritzia eman dio dekretuari, "etxeetako argindarraren prezioaren garestitzea txikitzen duelako eta industriari ere begiratzen diolako", Urrutiaren arabera. EH Bildutik, Iker Casanova oso kritiko agertu da "politikariak, tartean EAJkoak, erosten dituzten enpresen sistemarekin".