Itxi

Gizartea

Hezkuntza legea

Hezkuntzaren "fase historiko berri bati" zorroztasunez eta lasaitasunez heltzeko deia egin du EH Bilduk

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Koalizioaren esanetan, hezkuntza-itunak bere gain hartu beharreko erronka nagusiak "sistema bera eraldatzea hezkuntza berrikuntza ardatz harturik, klase eta jatorriagatiko segregazioari erantzun efektiboa ematea eta euskalduntzean jauzia ematea" dira.

  • EH BILDU Pello Otxandiano

    EH BILDU Pello Otxandiano. Argazkia: EH Bildu.

EH Bilduk "trazo fina erabiltzeko" eskatu die gainerako alderdiei, "titularretatik harago", Euskadiko Hezkuntzari buruzko etorkizuneko legearen eztabaidari "zorroztazunez eta lasaitasunez" heltzeko. Eztabaida hori, gainera, "irekia" izan behar duela eta "jende askoren" parte-hartzea izan behar duela uste du.

Hala esan du ostiral honetan Pello Otxandiano koalizioko Programaren zuzendariak Donostian emandako prentsaurrekoan. Esan duenez, gai hori aztertzeko legebiltzarreko ponentziaren osaketarekin, "euskal hezkuntzaren fase historiko berri baten oinarriak jartzeko aukera bat ireki da".

Urrats horrekin, "Hezkuntza ituna eraikitzeko prozesua formalki hasi da" Gasteizko Legebiltzarrean, eta lantaldearen alde bozkatu duten lau alderdiek (EAJ, PSE-EE, Podemos eta EH Bildu) "legegintzaldi honetan Hezkuntza lege berri bat izateko ahalegina" egiteko konpromisoa hartu dute.

Otxandianok iragarri du bere alderdiak "hausnarketa prozesu" bat garatuko duela hemendik udaberrira arte, lege berriari egingo dion ekarpena "ahalik eta osatuena, zorrotzena eta aberasgarriena izan dadin".

Azpimarratu duenez, hezkuntza-itunak bere gain hartu beharreko erronka nagusiak honako hauek dira: "Sistema bera hezkuntza-berrikuntzaren mesedetan eraldatzea, klase eta jatorriagatiko segregazioari erantzun efektiboa ematea eta euskalduntzean jauzia ematea".

Ildo horretan, "segregazioa eta euskalduntzea" aipatu ditu, eta "bi arazoek eskolaz kanpoko erroak" dituztela adierazi du. Haren ustez, "eskolak, bere kabuz, ezin du konpondu geure herri eta auzoetan ikusten dugun klase eta jatorriagatiko segregazioa konpondu, eta eskolak soilik ezin dio euskalduntze prozesuan ikusten ari garen atzeraldiari konponbidea eman".

"Baina bi gaietan ere eskolak egin dezakeenaz hitz egiteko garaia da hau, konpromiso sendoak hartzeko garaia, ahalik eta adostasun zabalenak eta etorkizunari begirako oinarri sendoenak jartzeko garaia", gaineratu du.

Azaldu duenez, azken asteetan EH Bilduk "Hezkuntzako eragile eta sindikatu guztiekin" partekatu du Konferentzia Politikoan onartu zuten hezkuntza proposamena.

Otxandianok zehaztu duenez, izandako hartu-emanetatik ondorioztatzen da galdetutako guztiek badakitela, koalizio independentistak bezala, "Hezkuntza-sistemak eraldaketa sakona behar duela, mehatxuak larriak direla", baina, era berean, badaudela aukerak "hezkuntza-sistema modernizatzeko eta kalitatean, ekitatean, inklusioan eta euskalduntzean jauzi kualitatiboak emateko".

"Guztiok dugu elkarrengandik ikasteko beharra. Elkar entzun behar dugu, eta sakon gogoeta egin. Datozen hilabeteetan eztabaida-foro posible guztiak martxan jarri behar dira, eta horrek kalitate handieneko eztabaida prozesu bat eskatzen du", azpimarratu du.

Normalean, arazo konplexuek ez dute konponbide sinplerik. Eta hala da hezkuntza sistema gurutzatzen duten eta eztabaida soziala pizten duten bi gai potoloren kasuan ere: segregazioa eta euskalduntzea. Eskolak soilik ezin du. Hala da, bai. Eskolaz kanpoko erroak dituzte bi arazoek, biek ala biek. Eskolak soilik ezin du geure herri eta auzoetan ikusten dugun klase eta jatorriagatiko segregazioa konpondu, eta eskolak soilik ezin dio euskalduntze prozesuan ikusten ari garen atzeraldiari konponbidea eman. Baina bi gaietan ere eskolak egin dezakeenaz hitz egiteko garaia da hau, konpromiso sendoak hartzeko garaia, ahalik eta adostasun zabalenak eta etorkizunari begirako oinarri sendoenak jartzeko garaia.