Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

70 urtetik gorakoei egun berean eman ahalko zaizkie covid-19aren aurkako hirugarren txertoa eta gripearena

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Covid-19aren aurkako errefortzu dosia eta gripearena batera jartzea (bakoitza beso batean) babestu du Espainiako Osasun Ministerioak. Urriaren 25ean hasiko dira covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia ematen.

  • Pertsona bat koronabirusaren aurkako txertoa hartzen

    Pertsona bat koronabirusaren aurkako txertoa hartzen. Artxiboko argazkia: EFE

Espainiako Osasun Ministerioak covid-19aren aurkako txertoaren errefortzu dosia (hirugarren dosia) gripearen aurkako txertoarekin batera ematea babestu du. Ministerioko iturriek zehaztu dutenez, bakoitza beso batean jarri ahalko da urriaren 25etik aurrera.

Hainbat autonomia erkidego, Gaztela-Mantxa eta Andaluzia buru, 65 urtetik gorakoei bi txertoak batera jartzearen alde agertu dira, baina azkenean Osasun Batzordeak 70 urtean jarri du langa.

Oraingoz, 70 urtetik gorako pertsonei Pfizer etxearen txertoa jarriko diete covid-19aren aurkako errefortzu dosi gisa, hori baita oraingoz Sendagaien Europako Agentziak babestu duena, eta laster emango du Modernari buruzko iritzia.

Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek iragan astean erabaki zuten 70 urtetik gorakoei koronabirusaren aurkako txertoaren hirugarren dosia jartzea urriaren 25etik aurrera.

Carolina Darias Osasun ministroak atea irekita utzi du covid-19aren aurkako errefortzu dosia pixkanaka beste adin taldeetara zabaltzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.