Gizartea
Urdangarin, epailearen aurrean
Dukearen argudioak
Erredakzioa
Ustezko ustelkeria sarean zuen parte-hartzea, infantaren papera, paradisu fiskaletako kontuak, erregearen agindua...
-
Iñaki Urdangarin, epaitegitik ateratzen. EFE
Iñaki Urdangarin Palmako dukeak 22 orduz deklaratu du asteburu honetan, inputatu gisa, Noos auziaren baitan.
Larunbata eta igandea artean, Urdangarin ustezko ustelkeria saretik aldentzen saiatu da, eta Diego Torres kide ohiari egotzi dizkio ustezko irregulartasunak. Dukeak esan du ez zituela ezagutzen Torresen kudeaketak, bera ez baitzen administratzailea.
Azalpen guztiak 49 orritan idatzi dituzte.
Orain, baliteke Jose Castro epaileak berriz ere deitzea Torres, eta ondoren Urdangarinekin aurrez aurre deklaratzen jartzea, haien bertsioetan kontraesanak daudela uste badu. Duela bi aste, Torres inputatu gisa deklaratzea deitu zuen, baina hark uko egin zion galderak erantzuteari.
Fiskaltzak uste du Urdangarinek eta Torresek elkarte sare bat sortu zutela Noos Institutuaren bitartez funts publikoez jabetzeko, batik bat Balearetako eta Valentziako Gobernuekin egindako kontratuei esker.
Noosen kudeaketatik aldendu da
Deklarazioan, Palmako dukeak esan du kide den elkarte gehienetan ez zuela erantzukizunik, hau da, kide zela, baina ez administratzaile.
Besteak beste, ikerlariek honako enpresak eta elkarteak aztertu dituzte: Noos Consultoria Estrategica, Aizoon S.L., Virtual Strategies S.L., Shiriaimasu, Intuit Strategy Innovat eta De Goes Center For Stakeholder Management.
Horietatik, Urdangarinek zehaztu du Aizoonen baino ez zituela erantzukizunak. Cristina Infanta ere enpresa horren jabe da, % 50ean.
Errua, Torresi
Erregearen suhiak Diego Torresi egotzi dizkio ustezko irregulartasunak, kudeaketa eta erabakiak hartzea haren esku zeudelakoan.
Are gehiago, berari ezer esan gabe, kontratu publikoak negoziatu izana leporatu dio.
Deklarazioaren arabera, Iñaki Urdangarinek Miguel Zorio enpresariari (Noos auzian inputatua) Diego Torres lapurtzen ari zitzaiola esan zion. Ana María Tejeirok (Torresen emaztea eta enpresako sail juridikoko arduraduna) 147.000 euro atera omen zituen Nóosetik txekean I.U. inizialak jarrita.
Duela bi asteko agerraldian, Torresek uko egin zion deklaratzeari.
Suitzan kontu bat duela onartu du
Pedro Horrach fiskalak galdetuta, Urdangarinek onartu egin du Suitzan kontu korronte bat duela, eta horrekin Jordaniako enpresaburu batek Aguas de Valencia enpresaren partetik dirua jaso zuela, lan baten truke.
Bere zeregina enpresaburuaren eta enpresaren artean bitartekariarena egitea zela argudiatu du.
Infantak sinatzen zituen Aizooneko kontuak
Palmako Dukeak Noos Institutuaren eta Aizoon enpresaren bitartez egindako operazioetatik urrundu du Cristina infanta, infantak Aizooneko urteko kontuak baino ez zituela sinatzen adierazi du Urdangarinek. Cristina infanta, alegia, enpresa horretako % 50aren jabea da.
Urdangarinek Manos Limpiaseko (akusazio partikularraren) abokatuari adierazi dioenez, infantak legeak hala behartuta sinatzen zituen kontuak eta gainerako operazioetatik aldendu du.
Virginia Lopez Negrete Manos Limpiaseko abokatuaren arabera, Palmako Dukearen emaztea "zuzeneko aktore" izan da (estaltzeagatik eta konplizitateagatik) "eta hortaz, Urdangarinen ustezko delituen onuradun".
Camps eta Barbera inplikatu ditu
Noosek Valentzian antolatu zituen ekitaldien harira, Urdangarinek Rita Barbera alkatearen eta Francisco Camps Generalitateko presidente ohiaren izenak aipatu ditu. Gainera Valencia Summit izeneko turismo eta kirol jardunaldiak Noos Institutuari esleitu aurretik Barberarekin eta Campsekin bilerak egin zituela azaldu du inputatuak.
Halaber, Noos Institutuaren dirua desbideratzeko helburuarekin sortutako ustezko saretik aldendu da inputatua.
Ez zuen erregearen agindua bete
Dukeak aitortu duenez, Juan Carlos erregeak Noos Institutuko jarduerak uzteko eskatu zion 2006an, baina gaineratu du, bi urte geroago, 2008an alegia, negozioak egiten jarraitu zuela.
Hala ere, Noos Institutua zuzentzen zuen garaian irekitako 400.000 euroko negozioa ixteko jarduera pribatuak izan zirela zehaztu du, hau da, ez erakunde publikoekin egindakoak.
Erregearen suhiak onartu duenez, ez zuen monarkaren agindua bete eta 2006a baino geroago ustezko ustelkeria sarearekin harremanetan jarraitu zuen.
Joan den abenduan, Errege Etxeak Cristina infantaren senarrari Noos Institutua uzteko gomendioa egin ziola adierazi zuen, erakunde horrek irabaziak lortzea helburu zuten jarduerak egiten zituela eta.