Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

CureVac botika etxeak bertan behera utzi du koronabirusaren aurkako bere lehen txertoa garatzeko prozesua

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) ez du CureVacen lehen txertoa gehiago baloratuko, Alemaniako enpresak hala eskatuta. CureVac bigarren belaunaldiko txerto berri bat garatzeko lanean ari da GlaxoSmithKline (GSK) Erresuma Batuko konpainiarekin.

  • Koronabirusaren aurkako CureVac txertoa

    Koronabirusaren aurkako CureVac txertoa. Artxiboko argazkia: EFE

CureVac Alemaniako botika etxeak uko egin dio koronabirusaren aurkako bere lehen txertoa garatzeari, bigarren belaunaldiko beste txerto bat ekoizteko lanean buru-belarri sartzeko.

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) eten egin du CureVac konpainiaren txertoaren ebaluazioa, Alemaniako enpresak hala eskatuta. Orain, RNA mezularian oinarritutako txertoa garatzeko lanean ari da GlaxoSmithKline (GSK) Erresuma Batuko konpainiarekin. 

CureVac etxearen txertoaren eraginkortasuna % 47koa dela ondorioztatu zuen hamar herrialdetan egindako saiakuntza kliniko batek.

Osakidetzako Biodonostia eta Biocruces Osasun Ikerketa Institutuek ere parte hartu dute CureVac Alemaniako enpresa farmazeutikoaren txertoaren eraginkortasuna eta segurtasuna aztertzeko saiakuntza klinikoan.

Entseguetan parte hartu eta txertaketaren edo covid ziurtagiriaren inguruan zalantzak dituztenei tokian tokiko osasun agintariekin harremanetan jartzeko aholkatu die Sendagaien Europako Agentziak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.