Itxi

Gizartea

Dukea, epailearen aurrean

Urdangarinek errugabetasuna eta 'garbi' jokatu izana aldarrikatu du

Erredakzioa

Palmako dukearen deklarazioak igandean jarraituko du. Larunbateko galdeketak zortzi ordu eta erdi iraun ditu. Urdangarinek Jose Castro epailearen galdera guztiei erantzun die.

01:17
Urdangarinek errugabea dela adierazi du epailearen aurrean

Iñaki Urdangarinek "errugabea" dela eta Noos Institutuaren burua zenean "gardentasun osoz" jokatu zuela aldarrikatu du Jose Castro epailearen aurrean. Urdangarinen hitzetan, berak ez zuen zerikusirik Palma Arena ustelkeria kasuko erakundeetako kudeaketa eta kontabilitatearekin.

Palmako dukearen deklarazioari igande goizean helduko diote berriro, larunbatean zortzi ordu eta erdi Jose Castroren galderei erantzunez igaro ostean. Castro epailea izan da, hain zuzen, galdeketa zuzendu duena.

Torresekin aurrez aurre?

Castro epaileak aurreratutakoaren arabera, Iñaki Urdangarin berriro ere deklaratzera deituko du asteburuko saioa amaitu ondoren.

Baliteke deklarazio hori froga berrien agerpenak behartzea, edota Diego Torres Nooseko kide ohiak deklaratzeko borondatea agertzea, eta Legeari jarraituta, biek aurrez aurre deklaratu behar izana, bien deklarazioak kontrajarriak izanez gero.

Iritsiera, oinez

Urdangarin oinez iritsi da Palmako epaitegira, bai goizean goizeko saiora, bai bazkalosteko etenaren ondorengora, nahiz eta epaileak autoan sartzeko baimena izan "segurtasuna bermatzeko".

Hedabideei adierazpenak

Iñaki Urdangarin 9:00etan iritsi da epaitegietara eta bere zain zeuden kazetariei zuzendu zaie. Palmako dukeak esan du, bere "ohorea" eta "lan-ekintzen zintzotasuna" babestera zetorrela.

Noosen kudeaketan erantzukizuna ukatu du

Deklarazioa luzea izan da, lau ordu eta erdi goizean, eta lau ordu arratsaldean, bazkaltzeko eten labur baten ondoren. Epaileari emandako erantzunetan, Urdangarinek Noos Institutuaren eta Diego Torresekin zituen beste enpresen kudeaketan erantzukizunik eduki izana ukatu du.

Galdera guztiak erantzun ditu

Epaitegietako iturrien arabera, Urdangarinek epaileak egindako galdera guztiei erantzun die. Palmako dukeak esan duenez, Noos Institutuko presidentea, Noos Aholkularitza Torresekin erdibana izatea eta Aizoonen jabetza Cristina infantarekin batera izatea da bere erantzukizun bakarra.

Beste enpresekin, zerikusirik ez

Ikertzen ari diren gainontzeko enpresei dagokienez (Tejeiro abokatu-langela, Virtual Estrategies, Intuit, Shiriaimasu eta De Goes Center for Stakeholder Management), enpresa horien akzioduna eta kudeatzaile izana ukatu du. Gainera, bere hitzetan, ez zuen inoiz enpresa horien jardueren berri izan.

Erregearen eskaera onartu zuen

Palmako dukeak azaldu duenez, Jose Manuel Romero abokatu eta erregearen etxeko kanpo-aholkulariak egindako eskaera aintzat hartu zuen Romerok Administrazio Publikoekin kontratuak egitea eskatu zionean. Aintzat hartu zuen, baita ere, Arete Fundazioaren presidentetza uzteko eskaera.

Governekin negoziazioak ukatu ditu

Bestalde, Balear Irletako Governak eta Noos Aholkularitzak Illes Balears txirrindulari taldearen jarraipena egiteko negoziazioetan parte hartu izana ukatu du. Proiektu horri buruz Marivent Jauregian jolastutako padel partida batean aritu omen ziren.

Kautelazko neurriak

Galdeketa amaitzen denean, eta hori igande gauean izan liteke, Manos Limpias sindikatuak Palmako dukearen aurkako kautelazko neurriak hartzea eskatuko duela iragarri du. Manos Limpias herri-akusazio lanetan ari da Palma Arena auzian.

Horrela jarraitu dugu, zuzenean, eitb.comen, Iñaki Urdangarinen galdeketa.