Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Ipar Euskal Herriko Lehen Hezkuntzako ikasleek gaurtik aurrera ez dute maskara jantzi beharko

EITB MEDIA

Hainbat egun daramatzate 100.000 biztanleko 50 kasuko intzidentziaren azpitik, eta, ondorioz, arindu egin dira eskoletan covid-19a zabaltzea eragozteko neurriak.

1:13

Astelehenetik aurrera, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Lehen Hezkuntzako ikasleek ez dute musukorik erabili beharko ikasgeletan, Frantziako Estatuko Aldizkari Ofizialean ostegunean argitaratutako zerrendaren arabera.

Irailaren 2an Ipar Euskal Herriko haur eta gazteek aurreko ikasturteko protokolo ia berarekin ekin zioten ikasturte berriari, baina, arduradunek iragarri zuten aldaketak izango zirela koronabirusaren pandemiaren egoera epidemiologikoaren arabera.

Egunak daramatza Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoak departamenduak 100.000 biztanleko 50 kasuko intzidentzia metatua baino baxuagoa izaten; ostiralean bertan, 34,6koa zen, eta datu horiek ikusita hartu da neurriak arintzeko erabakia.

Peio Etxeleku irakaslea da Donibane Ikastolan, eta neurri berria begi onez hartu duela azaldu du ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan, ikuspegi pedagogiko batetik mesede egiten baitie ikasleei. Irakasleek ere aurki kentzea espero du, gehienak txertatuta baitaude, horren hitzetan. "6 eta 7 urteko ikasleekin irakurketa eta ahoskatzea hobetuko da musukoa kenduta", gaineratu du.

Eskolako neurriekin batera, edukieran ere aldaketak izango dira Ipar Euskal Herrian. Hala, dantzalekuetan edo musika emanaldietan, esaterako, ez da edukiera mugarik izango. Dena dela, Pirinio Atlantikoetako prefetak esan duenez, jende pilaketak dauden eremuetan edo hiri erdiguneetan musukoa erabiltzen jarraitu beharko da.

Bestalde, ostatu, zinema-areto edo museoetan sartzeko beharrezkoa izango da covid pasaportea edo osasun-ziurtagiria.

Hegoaldean maskararekin eskoletan

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak ostiralean bidali zien ikastetxeei ia murrizketarik gabeko aro berri honetan covid-19aren aurrean jarduteko protokolo berria. Arauak ez du aldaketarik ekarri maskararen erabileran Lehen Hezkuntzan, eta, ondorioz, 6-12 urtekoek "nahitaez" erabili beharko dute "espazio guztietan eta une oro". 

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Batxilergoko ikasleei dagokienez, ñabardura bat jaso du protokolo berriak. 12 urtetik gorako ikasle asko txertatuta daudela kontuan hartuta, nerabeentzat ez da derrigorrezkoa izango aire zabalean beste kideekiko 1,5 metroko segurtasun distantzia gorde ahal bada, "ezta elikagaiak eta edariak hartzeko eta kanpoaldean jarduera fisiko bizia egiten ari badira ere".

Gernika-Lumoko San Fidel ikastola izan da protokolo berria ezartzen aurrenetako bat. Goizane Laiseka irakasle eta zuzendaritzako kideak nabarmendu duenez, 0 eta 12 urte arteko ikasleen artean dago arrisku gehien. Horren hitzetan, "hamaiketakoan berdin jarraituko dugu, baina patioan ez dugu maskara kenduko".

Nafarroan ez da orain arteko neurrietan aldaketarik iragarri. Beraz, Foru Erkidegoan ere maskara jantzita egon behar dute Lehen Hezkuntzako ikasleek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.