Itxi

Gizartea

erupzioa

Lasaitasuna eskatu dute La Palmako sumendiko fajanaren haustura posiblea dela eta

agentziak | eitb media

Fenomenoa gertatzekotan, erupzioaren hasieratik hustutako eremuari soilik eragingo lioke, eta sortuko lukeen olatua txikia izango litzateke.

1:9
La Palmako sumendia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Pevolca Kanarietako Larrialdi Bolkanikoen Planaren zuzendari teknikoa den Miguel Angel Morcuendek lasaitasuna eskatu du La Palmako sumendiko fajana apur daitekeela eta. Fenomenoa gertatzekotan, erupzioaren hasieratik hustutako eremuari soilik eragingo lioke, eta sortuko lukeen olatua txikia izango litzateke eta "arin" gutxiagotuko litzateke.

Fenomeno posible horrek uhartearen tamaina txikian eta itsas-hondoarekiko duen hurbiltasunean izango luke jatorria. Hain zuzen, itsasoaren mugimenduak "edozein unetan" apur lezake fajana. Pevolca planaren zuzendariak azaldu duenez, sumendiaren presio-erdigunea "itsasorantz bultza egiten ari da eta, halako batean, labaren pisuaren presioak gainditu dezake itsasoak jasateko egiten duen ahalagina".

Une horretan, haustura gertatuko litzateke malda hasten den puntuan. Horrekin batera, leherketa txikiak etorriko lirateke ur-lurrun gehiago askatu izanaren ondorioz, eta baita olatu txiki bat ere, puntu zehatz horretan.

Edonola ere, Morcuendek lasaitasuna eskatu du. Azaldu duenez, "arazo txikiren bat izatekotan hausturaren lekuan bertan gertatuko da, alegia, erupzioaren hasieratik hustutako eta baztertutako lur-zatian". Horren emaitza gisa, "fenomeno ikusgarria egongo da inguruan, eta ez besterik".

Dena den, aurreikuspenen arabera, fenomenoa gertatzekotan, bi metrotik beherako olatuak izango dira milia erdira, eta metro erdikoak, milia eta erdira.

41 graduko lurrikarak, bart gauean

IGN Geografia Institutu Nazionalak berrogei lurrikara inguru erregistratu ditu gauean zehar La Palma uhartean. Nabarmenena, 4,1 gradukoa, Villa de Mazoko hego mendebaldean izan da, 39 kilometroko sakoneran.

Lurrikaren batez besteko intentsitatea 3 gradutik beherakoa da. Hala ere, 4,1ekoaz gain, bart gauean 3,3koak ere izan dira Fuencaliente udalerrian, eta 3,4koak Mazon.

La Palmako sumendi berriko iparraldearen zati bat eraitsi egin da larunbat goizaldean, Involcan Kanarietako Institutu Bolkanologikoko Ithaiza Dominguezek jakinarazi duenez. Ondorioz, koladak hainbat noranzkotara isurtzen ari dira.

Lurrikarak sakonera handian gertatzen ari dira oraindik, azken egunotan bezala, eta sumendiaren eremutik kanpo ez da lursailik itxuragabetu. Erupzioari dagokionez, aurreko egunetako jokabidea mantendu du, eskalak bigarren mailakoak izaten ari dira.

Era berean, laba krater erdialdetik ari da isurtzen, eta ez dirudi inguru horretatik kanpo beste emisio-gunerik irekiko denik.

Bestalde, hiru astez aktibo egon den La Palmako Cumbre Viejako sumendiak sortutako errauts-hodeia hegoalderantz desbideratu da. Orientazio-aldaketa horrek libre utzi du Tenerife aldea, eta bertako bi aireportuak normalitatez jarduten ari dira, Kanarietako gainerako aieportuak bezalaxe. Egun osoan zehar hala jarraituko dutela aurreikusi dute.

La Palmako aireportuan oraindik ezin da hegaldirik egin, eta ez da hegaldi komertzialik gaurko aurreikusita.

Dagoeneko, labak La Palmako 4.805 hektarea estali ditu eta 1.149 eraikini eragiten die.

Bestalde, La Palmako aierportua ere martxan da berriro, Cubre Viejako sumendiak botatako errautsek aerodromoari eta programatutako hegaldiei eragin ostean.

Aenak sare sozialetan esan duenez, La Palmako aireportua berriz martxan dagoen arren, aireportuko zenbait zati oraindik ezin dira erabili, errautsak gainetik kentzeko garbiketa lanengatik.