Itxi

Gizartea

La Palmako sumendia

La Palmako sumendia eta Esne Bidea, euskal argazkilari baten irudi bikainean ikusgai

Mikel Dominguez | EITB Media

Kanarietan bizi den Imanol Zuaznabar argazkilariak magiaz betetako irudi bat argitaratu du sare sozialetan: sumendi bat eta gure galaxia. "Bizitza osoa" eman du horrelako argazki bat harrapatzeko aukeraren bila.

  • La Palmako sumendia eta Esne Bidea, Imanol Zuaznabarren argazkian ikusgai.

    La Palmako sumendia eta Esne Bidea, Imanol Zuaznabarren argazkian ikusgai.

La Palmako sumendia lurrean, Esne Bidea zeruan. Imanol Zuaznabar euskaldunarena da argazki aparta hori. Maitasunak Barakaldotik Tenerifera eraman zuen, eta uharteetan egoteak "bizitza osoan" prestatzen egon den amets bat ekarri dio. "Sumendi bat eta Esne Bidea argazki berean ateratzea nire desioetako zerrendan zegoen, eta ez nuen inoiz pentsatzen etxetik hurbil egin ahalko nukeenik. Behin horrelako zerbait gertatuta, baldintza bikainen zain geratu eta irudia bilatzera irten behar zara", azaldu du Zuaznabarrek.

Sumendiko laba irten berriaren kolore distiratsuaz gain, Esne Bideko izarren argia erakutsi ahal izateko ondo behar dira mugimendu guztiak. "Oso baldintza zehatzak behar dira erupzio baten erdian zeru garbiaz gozatu ahal izateko; zorionez, bete egin ziren", esan du argazkilari gazteak.

Geologiak "Naturaren sekulako ikuskizun" bat jarri du Imanolen kameraren aurrean, baina gertutik ikusi du uharteko "hainbeste familiarentzat ezbehar handia izaten ari dela". Palmako biztanleek behar duten laguntza lehenbailehen heltzea espero du euskal argazkilariak, euren bizitzetara normaltasunez itzuli ahal izateko, ahal den heinean. Hala ere, ondo ulertzen du mota honetako gertakizunak "milioi urteetan gertatu direla", eta horiei esker existitzen dela "Kanariar Uharteak bezalako paradisu anitz hau".

Argazkilariaren begien aliaturik onena da pazientzia, batez ere agerikoa ez den errealitate bat harrapatu nahi duenean. La Palmako punturik gorena da Roque de los Muchachos, eta bertan dago Europako behatoki astrofisiko onenetariko bat, gauez zeruko fenomeno guztiak ikusteko tokirik ezin hobea.

Hala ere, Imanolen argazkian, oraindik izenik ez duen sumendiaren argiak zeruan zegoena estali zezakeen. Horregatik, irudia ateratzeko momentuan ezinbestekoa da esposizioa bezalako detaileak kontrolatzea, baita gerora datorren edizioa ere. Zuaznabarrek azaltzen duenez, "etxera landu gabeko artxibo onak eraman behar dituzu, gero editatu ahal izateko eta hasieratik bilatzen ari zaren emaitza lortu ahal izateko".

Argazki bikainaren atzetik, berez, bi prozesu desberdin daude: "Momentu berean egindako bi argazki dira, gerora bat eginda, irudia modu egokian argiztatuta egon dadin, sumendia ez izateko irudia zapuztuko duen foku handi bat".

Emaitza horren aurrean, bada bere lana zalantzan jarri duenik. "Sareetan zabiltzanean, normala da zarata handia egiten duen eta zure lanarekin sartzen den jendea egotea, gutxi badira ere. Nire erantzuna argia da: besteen lana epaitu baino lehen, informa zaitez hobeto", eskatu du argazkilariak.

Jendearen aitorpena eta esker ona, likeei erreparatuta, argi geratu da, baina argazkilarien lana ekonomikoki gutxiesten da oraindik. Zuaznabar baikorra da: "Pixkanaka lortzen ari gara jendeak ikus dezan argazki baten atzean ez dagoela click bat soilik, baizik eta lan eta ahalegin handiak".

Fotografía completa de Imanol Zuaznabar.

Imanol Zuaznabaren argazki osoa.