Gizartea
Gipuzkoako egoitzak
ELAk dio Gipuzkoako adinekoen egoitzetako ratioak Olanok esandakotik "oso urrun" daudela
O.P. | Eitb media
Sindikatuak adierazi du kontzertaziorako baldintzak jasotzen dituen foru dekretuak berak batez beste langile bat ezartzen duela 13 egoiliarrentzako; Olanok ziurtatu zuen langile bakoitzak bi egoiliarrentzat egiten duela lan. ELAk bilera eskatu dio berriro Olanori.
-
ELAren prentsaurrekoa. Argazkia: ELA sindikatua.
ELA sindikatuak ziurtatu duenez, "Gipuzkoako egoitzen batez besteko ratioa 13 egoiliarrekoa da langile bakoitzeko"; Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako adierazpenen arabera, ratioa "bi egoiliarrekoa da langile bakoitzeko".
Donostian emandako prentsaurrekoan, sektoreko ELAko arduradunek gogorarazi dute, Txara Ieko ikuskapenaren ondorioz Gipuzkoako egoitzetan ematen den zerbitzuari buruz elkarrizketa batean egin zioten galderari erantzunez, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan zuela "Gipuzkoako egoitzetan ratioa 0,5ekoa" dela, hau da, "bi egoiliarrentzako langile bat dagoela".
Horren aurrean, ELAk ziurtatu duenez, Markel Olanok emandako datua "ez dator bat errealitatearekin"; izan ere, Aldundiaren dekretuaren arabera, "langile bakoitzeko batez besteko erabiltzaile kopurua 13 egoiliarrekoa da, Olanok defendatutakotik oso urrun".
Sindikatuaren esanetan, adinekoentzako egoitza-zerbitzuak hitzartzeko beharrezkoak diren baldintzak arautzen dituen 38/2007 Foru Dekretuaren arabera, "Gipuzkoako egoitzetako batez besteko erabiltzaile batek 111,014 minutuko zuzeneko arreta jasotzen du egunean", eta, beraz, "kontuan hartuta egun batek 1.440 minutu dituela, 111,014 arreta-minutu horiek eguneko % 7,7 dira".
ELAk azaldu duenez, langileen ratioa kalkulatzeko, egunak dituen minutuak (1.440 min) zuzeneko arretaren guztizko minutuekin zatitzen dira. "Kasu honetan, 1440 minutu/111,014 min = 13 izango lirateke. Hau da, 13 erabiltzaileko langile bat dago".
Gainera, 2021eko urriaren 7ko datuei erreparatuta, Donostiako Txara I egoitzako langileen arabera, "13 langile laguntzaile zeuden goizeko txandan 116 erabiltzailerentzat (8,92 erabiltzaile langile bakoitzeko); sei langile laguntzaile arratsaldean 116 erabiltzailerentzat (19,33 erabiltzaile langile bakoitzeko); eta bi langile laguntzaile gauean 116 erabiltzailerentzat (58 erabiltzaile langile bakoitzeko).
ELAk Olanori gogorarazi dionez, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek aukeratu dute sindikatu hori "hauteskunde sindikaletan", ordezkari gisa (% 60), eta 252 greba egun eta pandemia baten ostean, Aldundiak "modu sistematikoan uko egiten dio egoitzen errealitatea eta sindikatuaren proposamenak bertatik bertara entzuteari". Azkenik, Gipuzkoako ahaldun nagusiari ELAko adinekoen egoitzetako langileekin biltzeko eta "entzuteko" eskatu dio.