Itxi

Gizartea

Baieztatuta

Urdangarin autoan sartuko da epaitegira, 'segurtasun arrazoiengatik'

Erredakzioa

Larunbat goizean hasiko da deklarazioa, 09:00etan, baina igandera arte luza daiteke, iturri judizialek jakitera eman dutenez. Ostiral gauean iritsi dira Palmara Iñaki Urdangarin eta Cristina infanta.

01:07
Barne ministroak Urdangarini tratu berezia emateko eskatu dio epaileari

Iñaki Urdangarinek epailearen aurrean deklaratuko du larunbatean Palma Arena auziko inputatu gisa. ''Segurtasun arrazoiengatik'', azkenean autoan sartuko da epaitegira, eta ez oinez, ohikoa den bezala.

Ostiral arratsalde honetan baieztatu du Balear Uharteetako Justizia Auztegi Gorenak. Bertako Polizia Buruzagitzak eskatutako neurria izan da, eta, ohar batean jakinarazi dutenez, ''ohiz kanpoko neurria'' hartzea erabaki du Palmako epaile dekanoak, ''segurtasun arrazoiengatik''.

Palma Arena auzia ikertzen ari den Jose Castro epailearen aurrean deklaratzeaz gain, fiskalen eta 50 bat abokaturen aurrean egin beharko du agerraldia Urdangarinek, Nóos Insitutuari egotzi dizkioten ustezko irregulartasunen berri emateko. Larunbat honetako hitzordura auzian inputatuta dauden guztien abokatuak joango dira, 60 bat pertsona, eta horiek guztiek ere galdeketa egin ahal izango diote Urdangarini. Hori dela-eta, agerraldia igandera arte luza daitekeela uste dute iturri judizialek.

Bi urte eman dituzte Nóos institutuaren jarduerak ikertzen, eta orain bi hilabete iragarri zuten Urdangarinen inputazioa. Errege Familiako lehen auzipetua da Palmako Dukea.

Dokumentuak faltsutzea, prebarikazioa, Administrazioari iruzurra egitea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea ikertzen ari dira Palma Arena kasuko pieza honetan.

Cristina infantak Urdangarinekin batera egingo du bidaia ostiral honetan Palmara. Bihar, Marivent jauregian emango du goiza, senarrak epailearen aurrean deklaratzen duen bitartean. Palmako dukeak eta dukesak bertan duten Son Vent egoitzan emango dute gaua (Marivent jauregiaren alboan). Urdangarinek deklaratzen amaitu ondoren Madrilera, Zarzuela jauregira, itzultzeko asmoa omen dute.

Estatu mailako zein nazioarteko 60 komunikabidetako 350 kazetarik izango dute baimena horren jarraipena bertatik bertara egiteko. 

Mario Pascual Vives abokatuarekin joango da Urdangarin epaitegira, 09:00etan.