Gizartea
KORONABIRUSA
Eusko Jaurlaritzak covid datuei buruzko txostena egunero bidaltzeari utziko dio bihartik aurrera
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako kutsatze berriei buruzko txostena astelehenetan igorriko du Osasun Sailak. Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, eguneroko datuak ematen jarraituko du oraingoz.
-
Erizain bat enakume bati korononabirusa hautemateko proba egiten. Argazkia: EFE
Osasun larrialdi egoera atzean utzi eta normaltasunera bidean fase berri bat abiatu ondotik, Eusko Jaurlaritzak koronabirusagatik kutsatutakoen berri egunero emateari utziko dio bihartik aurrera. Horren ordez, aste osoko datuak jasoko dituen txostena igorriko du astelehenetan. Beraz, gaurkoa izango da koronabirusaren eboluzioari buruzko eguneroko azken buletina.
Urriaren 11tik aurrera, astelehenero, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako kutsatze berriei buruzko txostena bidaliko du Osasun Sailak. Asteko buletin horretan ondorengo datuak bilduko ditu: asteko positiboen kopurua, 14 eta 7 eguneko intzidentzia-tasa metatua, oinarrizko birsorkuntza tasa (R0), gela arruntetan eta zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutako pertsonen kopurua eta covid-19aren ondorioz hildakoen kopurua.
Txertaketaren eboluzioari buruzko informazioa ere astean behin emango da aurrerantzean, astearteetan.
Oraingoz, Nafarroan ez da aldaketarik egitea aurreikusten. Nafarroako Gobernuak egunero informatzen jarraituko du, orain arte bezala. Gainera, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (ISPLN) Txosten Epidemiologikoa zabaltzen jarraituko du.