Gizartea
Auzia epaiaren zain
Basauriko entrenatzaile ohiari 6 eta 8 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu dute akusazioek
Agentziak | EiTB Media
Horrela, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak eskaerak mantendu dituzte. Akusatuaren defentsak, ostera, auzipetua absolbitzea eskatu du. Epaiketaren lehen saioan, psikologoek haurraren kontakizuna "sinesgarritzat" jo zuten.
-
Auzia epaiaren zain geratu da. Argazkia: EFE
Fiskaltzak eta akusazio partikularrak Basauriko futbol entrenatzaile ohiari sei eta zortzi urteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu dute, hurrenez hurren. Bizkaiko Lurralde Auzitegian egindako epaiketan, lau urtez adingabe bati egindako sexu-abusuak frogaturik geratu direla uste dute akusazioek.
Akusatuaren defentsak, ostera, auzipetua absolbitzea eskatu du. Iragan asteazkenean, epaiketaren lehen saioan, akusazioak ukatu zituen auzipetuak. Auzia epaiaren zain geratu da gaur.
Akusazioen arabera, frogek biktimaren testigantzari "sinesgarritasuna" ematen diote. Biktimak 15 urte ditu orain. Sexu-abusuak 8 urtetik 12ra jasan zituela salatu zuen.
Adingabeak ez zuen asteazkenean deklaratu; horren ordez auziaren instrukzioan epailearen aurrean egindako deklarazioaren grabaketa ikusi zuten aldeek.
Epaiketaren lehen saioan, psikologoek haurraren kontakizuna "onargarritzat" jo zuten, abusuen "xehetasun" ugari eman zituelako.
Era berean, beste sei salatzailek atzo eman zuten testigantza, besteak beste, Pepe Godoyk. Auzia argitara eman zuen Godoyk bere salaketarekin. Hala ere, sei biktima hauen salaketa artxibatu zituzten, gertakariak preskribatu direlako.
62 urteko auzipetuaren erruduntasuna "frogatu" dela uste dute biktimaren abokatuak eta Fiskaltzak.
Horregatik, hurrenez hurren, sei eta zortzi urteko espetxe-zigorrak eskatu dituzte, baita 10 urteko inhabilitazioa adingabeekin harreman zuzena duten lanbideetan, biktimarengana eta haren amarengana 600 metro baino gutxiagora hurbiltzeko zortzi urteko debekua, eta zaintzapeko askatasuna beste hainbat urtez ere.
Azkenik, auzipetuak sexu hezkuntza programa bat burutzea eskatu dute. Gainera, akusazio partikularrak 85.000 euroko kalte-ordaina eskatu dute, Ministerio Publikoak, aldiz, 15.000 eurokoa.