Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Nafarroak positibo kopurua hirukoiztu du eta ospitaleratzeak ere igo egin dira

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Hazkundea gorabehera, 29 pertsona daude erietxeratuta (bezperan bezainbat), eta horietatik bost ZIUn (asteartean baino bat gutxiago)

  • Osasun langile bat, proba diagnostiko batzuekin.

    Osasun langile bat, proba diagnostiko batzuekin. Argazkia: EFE

Kutsatzeetan gora egin du Nafarroak azken orduetan, eta 33 kasu berri atzeman ditu, Foru Erkidegoak emandako datuen arabera. Egindako 1.554 proba diagnostikoetatik % 2,1 eman dute positibo.

Bezperan halako hiru baino gehiago dira (asteartean zortzi kutsatze bakarrik zenbatu zituzten), eta duela astebeteko datuekin alderatuta, % 1,2 egin dute gora. Duela 14 egun hautemandakoak baino 15 gehiago dira.

Asteazken honetan bi pertsona gehiago ospitaleratu behar izan dituzte, baina bakar bat ere ez dute ZIUn sartu. Hori horrela, 29 pertsona daude erietxeratuta (bezperan bezainbeste), eta horietatik bost larri daude ZIUn (asteartean baino bat gutxiago).

Herri eta osasun guneei dagokienez, Iruñeko Mendebaldean hiru kutsatze hauteman dituzte. Zulueta eta Murueta herrietan eta Iruñeko Iturrama auzoan, berriz, bina.

Txertaketari dagokionez, 518.834 nafarrek dute pauta osoa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.