Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Intzidentzia metatua 60 kasutik jaitsi da Euskadin, 2020ko uztailaren amaieratik lehen aldiz

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Gainera, pertsona gutxiago daude ospitaleratuta, baina R0 indizeak gora egin du berriro, 0,94koa baita.

  • Hainbat pertsona Donostiako kaleetan

    Hainbat pertsona Donostiako kaleetan. Argazkia: EFE.

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 60 kasutik jaitsi da Euskadin, 2020ko uztailaren amaieratik lehen aldiz, 59,19 kasura jaitsi baita.

Gipuzkoa, 69,40ko intzidentzia metatuarekin, 60 kasutik gora jarraitzen duen lurralde bakarra da, eta intzidentzia-tasa metatua igo den lurralde bakarra da gainera; Araban (53,91) eta Bizkaian (51,70), aldiz, behera egin du.

Ospitaleetako presioak hobetzen jarraitzen du. Berriro egin du behera covid-19aren ondorioz ospitaleratutako pertsonen kopuruak (71). Guztira, 31 gaixo daude ZIUetan (bezperan baino 1 gutxiago), 40 daude gela arruntetan (7 gutxiago) eta 10 ospitaleratze berri izan dira (bezperan baino 1 gehiago).

Osasun Sailaren buletin epidemiologikoaren arabera, asteazken honetan 5.683 proba diagnostiko egin eta 88 positibo berri atzeman dituzte; aurreko egunean 99 izan ziren. Horrela, proba gehiago eginda, egindako analisien aldean positiboen tasa % 1,7tik % 1,5era jaitsi da.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, asteazkenean 39 positibo berri atzeman dituzte Bizkaian (asteartean beste), 30 Gipuzkoan (aurreko egunean baino zazpi gutxiago) eta 17 Araban (bezperan baino lau gutxiago). Halaber, bi kutsatu daude Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean, eta bezperan ez zen bat ere erregistratu.

Joera on hori gorabehera, R0 indizeak gora egin du berriro, 0,92tik 0,94ra, aurtengo uztailaren 29tik lehen aldiz.

Adierazle horrek okerrera egin du hiru lurraldeetan. Gipuzkoan R0 indizea 1,07an dago (ehunen bat egin du gora), Bizkaian 0,82an (2 ehunen gehiago) eta Araban 1,02an (7 gehiago).

Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua duela astebetekoarekin alderatzen duena) 0,81 da.

Ostegun honetan sartu da indarrean pandemiaren bilakaera onari esker Euskadin atzo arte indarrean zeuden murrizketa gehienak kentzen dituen agindu berria, eta osasun-larrialdiari amaiera eman zaio.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, bihartik aurrera, ostirala, pandemiaren bilakaerari buruzko informazioa emateari utziko dio egunero, duela urte eta erditik egin duen bezala, eta astero aldizkari epidemiologiko bat argitaratuko du astelehenetan. Txertaketa-estaldurari buruzko informazioa ere asterokoa izango da, eta astearteetan bidaliko dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.