Itxi

Gizartea

Jaiak

San Tomas eta Danborrada ospatuko ditu berriro Donostiak

O. P. | Eitb Media

Eneko Goia alkateak iragarri du bi jaiak ospatzeko erabakia. Era berean, neguko gainerako jaiak ere ospatuko dituzte, Gabonak, Kaldereroak eta Inauteriak.

1:32
San Sebastian eguna. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Gaur baieztatu dute Donostiak neguko bere bi jai nagusiak berreskuratuko dituela: San Tomas eguneko Azoka (abenduak 21) eta Danborrada (urtarrilak 19). 

Eneko Goia Donostiako alkateak eguerdian eman du bi jai horiek ospatzeko erabakiaren berri; biak ala biak, bertan behera utzita zeuden covid-19aren pandemiagatik. Iñigo Urkulluk osasun larrialdi egoera bertan behera utziko duela iragarri ondotik etorri da berria, bertan behera geldituko baitira gaur gauerditik aurrera neurri murriztaile gehienak. 

Halaber, neguko gainerako jaiak ere, hala nola Gabonak, Kaldereroak eta Inauteriak, inongo neurri berezirik gabe ospatzeko asmoa iragarri du, orainik ere indarrean dauden arauak (musukoaren erabilerari buruzkoak, bereziki) kontuan hartuta. 

"Ohi bezala antolatuko ditugu. Gero, ikusten badugu, demagun, 15 egun lehenago egoerak neurri jakinak hartzera edo gauzak bestela egitea gomendatzen duela, orduan egokituko gara egoerara", azaldu du Goiak.