Itxi

Gizartea

Koronabirusa

65 urtetik gorakoei covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia emango zaie

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Txertaketa urriaren 25ean abiatuko da, 70 urtetik gorako pertsonekin. Ondoren iritsiko da 65 urtetik gorakoen txanda. Hirugarren dosia hartzeko ezinbestekoa izango da gutxienez sei hilabete igarotzea azkeneko dositik.

  • Gizon bat txertoa hartzeko zain. Artxiboko argazkia: EFE

    Gizon bat txertoa hartzeko zain. Artxiboko argazkia: EFE

65 urtetik gorako pertsonei covid-19aren aurkako txertoaren –Pfizerrena edo Modernarena- hirugarren dosia ematea adostu dute Osasun Publikoaren Batzordean.

Txertaketa urriaren 25ean abiatuko dute. 70 urtetik gorako pertsonekin hasiko dira eta ondoren iritsi da 65 eta 70 urte bitartekoen txanda. Errefortzurako dosia hartzeko ezinbestekoa izango da gutxienez sei hilabete igarotzea bigarren dositik.

Europa Press agentziak jakinarazi duenez, bozketan 12 erkidego hirugarren dosia ematen alde agertu dira, bik kontra bozkatu dute eta bost abstenitu egin dira.  

Covid-19aren aurkako hirugarren dosia gripearen aurkako txertoarekin batera emango dutela zehaztu dute.

Osasun arduradunek joan den irailaren 16an erabaki zuten pertsona zaurgarriei -transplanteak jaso dituzten pazienteak, pertsona immunodepresiboak edota erresidentzietako adinekoak- hirugarren dosia ematea.  

Sendagaien Europako Agentziak aste honetan baieztatu du Pfizerren hirugarren dosia ematea "segurua eta eraginkorra" dela, baina herrialde bakoitzaren esku dago eman ala ez erabakitzea.

Halaber, 12 urtetik gorako pertsona immunodepresiboei Pfizerren edo Modernaren hirugarren dosia jartzea segurua dela ebatzi du. Kasu horietan bigarren dosia hartu eta 28 egunetara ematea gomendatu du.