Gizartea
Osasun larrialdiaren amaiera
Urkulluk arduraz jokatzen jarraitzeko deia egin du, pandemia amaitu ez delako
EITB MEDIA
Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa babestu du eta murrizketa gehienak kentzeko txertoaren eraginkortasuna erabakigarria izan dela azpimarratu du.
-
Bi gazte, txertoa jasotzeko zain. Artxiboko argazkia: EFE
LABIren batzorde instituzionalak osasun larrialdia bertan behera uztea erabaki du eta, ondorioz, datorren ostegunetik aurrera pandemiari aurre egiteko indarrean zeuden neurri murriztaile gehienak baliorik gabe geratuko dira.
Hala ere, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du pandemia ez dela amaitu eta mehatxu nagusiak hor daudela ohartarazi du: birusaren eraldatzeko ahalmena, herrialde askotan txerto nahikorik ez dutela eta immunitatearen iraupena zein den argi ez dagoela.
LABIren azken bileraren ondotik egin duen agerraldian, Urkulluk foro horretako kide guztiak izan ditu ondoan, adituak nahiz kargu politikoak. Guztiei esker ona adierazi die egindako lanagatik.
Lehendakariak esan du Bizi Berri IV Planean aurreikusitako helburuak bete direla eta horregatik izan dela posible murrizketa gehienak kentzeko erabakia hartzea. Intzidentzia-tasa metatuaren beherakadan, covid-19aren aurkako txertoa erabakigarria izan dela nabarmendu du.
"Froga zientifikoak eta datu objektiboak argiak dira. Txertoa izan da birusari aurre egiteko tresnarik onena. Herritar guztiei txertaketa prozesua amaitzeko deia egiten diet. Mundu guztiak izan beharko luke txertatzeko aukera eta aukera hori dutenei txertoa jar dezatela eskat zen diet", esan du.
Edonola ere, zuhurtziarako deia egin du eta arduraz jokatzen segitu beharra dagoela erantsi du.
"Ezin dugu osasun krisia amaitutzat eman. Guardian jarraitu behar dugu. Prebentzioa mantendu beharra dago", berretsi du.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako osasun arduradunek pandemiaren bilakaera "egunez egun" aztertuko dutela agindu du.
Pandemiaren kudeaketa
Bestalde, lehendakariak Eusko Jaurlaritzak pandemiaz egin duen kudeaketa babestu du, "gardentasunez" jardun dutela eta "azalpen guztiak" eman dituztela azpimarratuta.
"Euskadik munduko herrialde aurreratuenen mailan erantzun dio pandemiari. Euskal gizartearen gehiengoa arduraz eta konpromisoarekin aritu da", adierazi du.
Horrez gain, Urkulluk esan du Euskal Autonomia Erkidegoa izan dela "test gehien egin duen erkidegoa" eta "ospitaleetan eta zainketa intentsiboetako unitateetan paziente gutxien" izan duena. Halaber, "inguruko beste toki batzuetan baino heriotza gutxiago" izan direla ziurtatu du.
Halaber, ostalaritzan, kulturan edo merkataritzan "murrizketa gutxien" aplikatu duen Gobernua izan dela adierazi du eta kaltetutako sektoreei laguntzeko 5.147 milioi euro bideratu dituztela nabarmendu du.