Gizartea
Osasun larrialdiaren amaiera
Murrizketa gehienak bertan behera geratuko dira Euskadin
EITB MEDIA
Euskadik ostegunean berreskuratuko du pandemiaren ondorioz galdutako normaltasun gehiena. LABI batzordea desegin du lehendakariak.
-
LABIko kide guztiak. Argazkia: EFE
Euskadik desaktibatu egin du osasun larrialdia, eta murrizketa gehienak bertan behera geratuko dira. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoak ostegunean berreskuratuko du pandemiaren ondorioz galdutako normaltasun gehiena. LABI batzordea desegin du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Neurri mugatzaile nagusiak indarrik gabe geratuko dira, Estatu mailan bere eskuduntzen arabera ezarritakoak bete beharra izango direlarik.
Honenbestez, ostegunetik aurrera oinarrizko prebentzio-neurri batzuek indarrean jarraituko dute, orain, neurri horiek, Osasun sailburuaren agindu batez ezarriko dira.
Hauek izango dira indarrrean jarraituko duten hiru neurri nagusiak:
- Espazio itxietan eta 5.000 lagunetik gorako edukiera duten esparruetan antolatutako ekitaldietan % 80eko mugari eutsiko dio EAEk.
- Maskara erabili beharrak barnealdeetan; baita ere kanpoaldeetan, pertsonen arteko distantzia mantendu ezin denean.
- Ekitaldietan jateko eta edateko debekua, barrualdeetan zein kanpoaldeetan.
Ondorioz, tabernetako barran kontsumitzeko aukera izango dute bezeroek, eta ez da aforo mugarik izango ostalaritza, merkataritza eta kultura ekitaldietan, aipatutako kasuan salbu.
Iñigo Urkulluren lehen hitzak, covid-19ren ondorioz hil diren pertsona guztiak gogoratzeko izan dira, baita agurtu ezin izan dituzten familientzat ere: "Ez dugu hildakoen eta beraien senitartekoen sufrimendua ahaztuko. Dolumina, hurbiltasuna eta elkartasuna adierazi nahi diegu senide eta gertuko pertsonei ere".
Osasun-larrialdiari amaiera emateko eta osasun-zaintzako etapa hasteko Batzorde Zientifiko Teknikoaren irizpena eta gomendioak hartu dituzte kontutan. Batzordeak atzoko bilera izan ondoren jasotako irizpenaren laburpena irakurri du buruzagiak.
Ondoren, bost mezu nabarmendu nahi ditu lehendakariak. Alde batetik, "Bizi Berri IV Planean proposatutako helburuak lortu ditugu"; aldarrikatu du. Bestetik, "ezin dugu guztiz amaitutzat eman birusaren aurkako borroka", gogorarazi du agintariak.
Bestalde, "egoeraren aldaketa azaltzen duen gakoa txertoa da", onartu du Urkulluk. Lehendakariaren hitzetan, "gardentasunez" kudeatu dute pandemia, "Legebiltzarrean informazio eguneratua eskainiz".
Azkenik, "Euskadik munduko herrialde aurreratuenen mailan erantzun dio pandemiari. Hau lorpen kolektibo handia izan da. Esker ona adierazi nahi diogu euskal gizarteari", gaineratu du, eskertuta.
Egoera "endemiko" bezala definitu du lehendakariak. Zentzu horretan, infekzio kopurua iraunkor bihurtu da denboraren poderioz, baina "noizean behin agerraldiak" egon daitezkeela ohartarazi du.
LABIko kideek lehendakariaren agerraldia bertatik bertara jarraitu dute.