Gizartea
Koronabirusa
Pfizerren txertoaren hirugarren dosia jartzea babestu du Sendagaien Europako Agentziak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bigarren dosia jaso eta sei hilabetera eman beharko litzateke hirugarrena. Pertsona immunodepresiboen kasuan, hirugarren dosia pauta osoa hartu eta 28 egunetara ematea aholkatu du.
-
Erizain bat emakume bati txertoa jartzen. Artxiboko argazkia: EFE
Pfizerren txertoaren hirugarren dosia herritar guztiei jartzea gomendatu du Sendagaien Europako Agentziak. Bigarren dosia jaso eta sei hilabetera eman beharko litzateke hirugarrena.
Halaber, pertsona immunodepresiboeei Pfizerren edo Modernaren hirugarren dosia pauta osoa hartu eta 28 egunetara jartzea aholkatu du.
Sendagaien Europako Agentziak bilera egin du gaur Pfizer/BioNTech enpresa-farmazeutikoak hirugarren dosiari buruz emandako informazioa aztertzeko eta hirugarren dosia bigarrena hartu eta sei hilabetera ematea aholkatu du, 18 urtetik gorako pertsonen kasuan.
Pertsona immunodepresiboei dagokienez, hirugarren dosia –Pfizerrena nahiz Modernarena- bigarrena hartu eta 28 egunetara emateko gomendioa egin du.
Bestalde, Moderna konpainiak garatutako txertoaren hirugarren dosia herritar guztiei emateko gomendiorik ez du egin, oraindik ikerketa amaitu ez dutelako.