Itxi

Gizartea

Iñaki Urdangarin auzia

DOKUMENTAZIOA: Urdangarin inputatuen eserlekuan

Erredakzioa

Ia 6 milioi euro bideratu zituen sare batean nahasita egotea leporatzen diote Palmako dukeari eta Errege Familiako lehen auzipetua izango da.

  • Iñaki Urdangarin Palmako dukea. EFE

    Iñaki Urdangarin Palmako dukea. EFE

Iñaki Urdangarin akusatuen eserlekuan egongo da larunbat honetan, Noos Institutuko fondo publikotik dirua bideratzegatik. Noos irabazi asmorik gabeko erakundea da eta 2004 eta 2007 urteen artean 5,8 milioi euro jaso zituen administrazio ezberdinen bitartez.

Diru hori bere egitea egotzi diote Palmako dukeari Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak, Balearretako Abokatutzak eta Manos Limpias sindikatuak. Palma Arena auziaren baitan kokatu behar da aipatu auzia eta guztira 20 bat pertsona daude inputatuta.

Iñaki Urdangarin 2003an sartu zen Noos Institutuan administratzaile moduan; une horretan Diego Torres bere bazkide ohia zen gerentea eta Urdangarinek 2006an presidente kargua utzi zuenean berak hartu zuen Noos zuzentzeko erantzukizuna.

Fiskaltzaren arabera, Urdangarinek eta Torresek enpresa-sare bat sortu zuten, eurek edo haien senideek zuzenduta zeudenak, Noos Institutuak jasotako diruz jabetzeko eta Bartzelonako abokatu-langela baten esku utzi zuten diru horren zati bat paradisu fiskaletara bideratzea.

Fiskaltzak dio "sozietateko egitura bat" sortu zutela Belizen eta Erresuma Batuan, Noosetik ehunka mila euro bideratzeko. Erakunde horrek fondo publikoaz gain, beste 4,1 milioi euro jaso zituen 2004 eta 2008 urteen artean enpresa pribatuen bitartez, hala nola, futbol talde, hegazkin-konpainia nahiz Egile eta Editoreen Elkartearen bitartez.

Hirugarren saioa

Palma Arena auziko inputatuak duela bi larunbat hasi ziren epailearen aurrean deklaratzen. Diego Torresek, esaterako, deklaratzeari uko egin zion, baina Urdangarinen agerraldiaren ostean hitz egiteko eskubideari eutsi dio eta, baliteke azkenean borondatezko deklarazioa egitea.

Ana Maria Tejeirok (Diego Torresen emaztea) ere ez zuen epailearen aurrean ezer esan. Aitzitik, bere bi nebek, Miguel eta Marco Antonio Tejeirok, eta fiskalitatean aditua den Salvador Trinxetek deklaratzea erabaki zuten.

Miguel Tejeiro Urdangarinek eta Torresek kudeatutako erakundeetan diruzaina izan zen eta zerga gutxiago ordaintzeko Belizen sozietate bat sortu zuela onartu zuen, baina legea beteta egin zuela azpimarratuta.

Miguel eta Marco Antonio Tejeirok nabarmendu zuten Cristina infantak ez zuela inolako loturarik bere senarraren negozioekin, auzi honetan nahasita dagoen Aizoon izeneko enpresaren jabetza bien artean konpartitzen badute ere.

Operazio hauek atzerrian egiteaz Trinxet abokatuaren ardura zen eta, epailearen aurrean onartu zuenez, Miguel Tejeirok Erresuma Batuan eta Belizen bi sozietate erosteko eskatu zion, Diego Torresek beste herrialde batzuetan jardun zezan. Alabaina, Urdangarin operazio horietan nahasita ote zegoen ez dakiela adierazi zuen.

Joan den larunbatean beste lau inputatuk deklaratu zuten, tartean Jose Luis 'Pepote' Ballesterrek, Balearretako Kirol zuzendari ohia eta Iñaki Urdangarinen laguna.

Ballesterrek epaileari adierazi zion inoiz ez zitzaizkiola "gehiegizkoak" iruditu Noos Institutuko fakturetan zehazten ziren prezioak. Horrez gain, Urdangarinek lan kontuetaz hitz egiten zuenean Cristina infanta aurrean inoiz egoten ez zela azpimarratu zuen. "Haren izena aipatu ere ez zuen egiten", erantsi zuen.

Bestalde, inputatuen eta lekukoen adierazpenak aintzat hartuta eta auzi honetako dokumentuak aztertuta, frogatutzat ematen dute erakunde publiko nahiz pribatuek Noos Institutuarekin kontratuak egitea erabakitzen zutela sozietate horren irudia Palmako dukea zelako.

Hala onartu zuten, adibidez, Fernando Roig eta Juan Bautista Soler Villarreal eta Valentzia futbol taldeetako presidenteek, hurrenez hurren.