Gizartea
KORONABIRUSA
Eusko Jaurlaritzak itzuli egingo ditu Alarma Egoeran ordaindutako isunak
EIDER JAUREGI O. | EITB MEDIA
Auzitegi Konstituzionalak martxoko konfinamendua Espaniako Konstituzioaren aurkakoa zela ebatzi eta gero, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen tramitean ziren salaketak atxibatu egingo zituela baina jada kobratuta zeudenak ez zituela itzuliko. Orain erabakia aldatu du.
-
Josu Erkoreka Segurtasun sailburua. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak itzuli egingo du, azkenean, lehen Alarma Egoeran kobratutako isunen dirua, irailaren 1eko EAEko Buletin Ofizialean kontrakoa argitaratu bazuen ere. Auzitegi Konstituzionalak etxeko konfinamendua Konstituzioaren aurkakoa izan zela ebatzi ondoren, epai hori aintzat hartuta, mugikortasunari lotutako murrizketak ez betetzeagatik irekitako espedienteak artxibatzeko eta ezarritako isunak baliorik gabe uzteko agindua eman zuen Segurtasun Sailak, baina soilik tramitean zeudenak (14.740). "Ordainketa azkar" bidez jada kobratuta zeuden 5.256 isun eta errekurtsoa jarri ondoren, santzioa behin betikoa zela erabaki zen 2.961 kasuetan ez zela dirurik itzuliko erabaki zen.
Eusko Jaurlaritzak zioen prozedura administratibo horiek jada "itxita" zeudela eta Auzitegi Konstituzionalak kaleratutako ebazpena oraindik irekita zeuden espedienteei eragiten ziela.
Irizpidea aldatu du orain Exekutiboak eta kobratutako isunen dirua itzultzea erabaki du, "diskriminazio egoerak saihesteko. Adibidez, zibismoz, jada ordaindu dutenen, eta jarrera zikoita erakutsiz, ordainketa ahal den gehiena atzeratu dutenen artean". Guztira, 1,6 milioi euro itzuliko dira Deia egunkarian egindako elkarrizketan zehaztu duenez.
Erkorekak azaldu duenez, "azterketa juridiko sakonaren ostean", Eusko Jaurlaritzak ondorioztatu du "ia marko zigortzaile guztia erabat desegitea" eskatzen duela epaiak, eta horregatik, espedienteak geldiarazteaz gain, jada ordainduta zegoena itzultzea erabaki duela Jaurlaritzak, bai azkar ordaindu zutenei baita espedientea tramitatu ondoren, errekurtsoa ezarri, santzioa berretsi eta ordaindu zutenei ere.
Segurtasun sailburuak gogor defendatu du isunak ez zirela "kapritxoa" izan, "araudia betetzeari baldintzatuta baitzegoen jendearen osasuna eta bizitza zaintzea", eta horregatik, juridikoki gertatu dena ikusita, lan horrek ez zuela "ezertarako balio izan" uste dute Segurtasun arduradunak eta sentsazio horrekin lan egitea gogorra dela adierazi du: "orain kalera irten behar dute euren funtzioak bete eta araudia betetzen dela bermatzera, eta ez dakigu ze punturaino gera daitekeen orain egiten dena ezerezean etorkizunean, guztia atzera bota dezakeen auzitegiak badaude. Desanimo faktore garrantzitsua da.
2020ko martxoaren 14tik ekainaren 21era egon zen ezarrita Alarma Egoera Espainiako Estatuan. Epe horretan 22.957 isun jarri zituzten EAEn udaltzainek eta Ertzaintzako agenteek, ezarritako neurri murriztaileak urratzeagatik.
Urtebete beranduago, 2021eko uztailaren 14an, Alarma Egoera legez kanpokoa izan zela ebatzi zuen Auzitegi Konstituzionalak. Epaileen arabera, Salbuespen Egoerak bakarrik ahalbidetu dezake konfinamendua, eta ez Alarma Egoerak. Modu horretan, Vox alderdiak Alarma Egoera atzera botatzeko aurkeztu zuen helegitea ontzat eman zuen Konstituzionalak.