Gizartea
KORONABIRUSA
Ligak helegitea jarri du EAEko estadioek edukieraren % 100a bete ahal izateko
a. s. | eitb media
Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek futbol estadioetako edukiera murrizketei amaiera ematea erabaki zuten atzo Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Osasun Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordean.
-
San Mames. Irudia: EFE
Futbol Liga Profesionalak helegitea jarri dio Jaurlaritzak EAEko zelaietan edukiera % 60ra mugatzeko hartutako erabakiari, Espainiako Estatuko gainerako erkidegoetan Osasun Lurraldearteko Kontseiluak atzo onartutako % 100aren aurrean. Epailearen ebazpenaren zain, litekeena da bihar Athletic-Alaves harmailak beteta direla jokatzea.
Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek futbol estadioetako edukiera murrizketei amaiera ematea erabaki zuten atzo Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Osasun Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordean. Hala, ostiraletik aurrera eserleku guztiak berreskuratuko dituzte, pabiloi itxietan izan ezik (% 80ko edukiera izango dute).
EAEk izan ezik gainerako autonomia erkidegoek onartu egin zuten erabakia. Jaurlaritzak, ordea, LABIren Batzordeak bilera egin arte ez zituela edukierak aldatuko aurreratu zuen. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, bere aldetik, edukiera-mugak ezartzeko eskumena autonomia erkidegoena dela gogorarazi eta Euskadin larrialdi-egoera bertan behera uzteko "egun batzuk" falta direla gaineratu zuen.
Duela bi aste ere helegilea aurkeztu zuen Espainiako Futbol Liga Profesionalak, Eusko Jaurlaritzak ezarritako % 30eko edukieraren kontra. Orduan epaileak helegite hori aintzat hartu zuen eta edukiera % 60ra igo zen. Ikusteko dago oaingoan zer gertatzen den.