Gizartea
Koronabirusa
Sagardui: "Estadioetako edukierak mugatzeari buruzko erabakia hemen hartuko dugu"
I. R. | EITB Media
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan gogora ekarri du edukiera-mugak ezartzeko eskumena autonomia erkidegoena dela, eta esan du Euskadin "egun batzuk" falta direla larrialdi-egoera bertan behera utzi ahal izateko.
-
Gotzone Sagardui, Osasun sailburua. Argazkia: EITB Media.
Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordeak gaur erabaki du estadioetako edukiera-murrizketak malgutzea, eta gehienezko okupazioa % 100ekoa ezarri du esparru irekietan eta % 80koa esparru itxietan. Hala ere, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gogoratu du autonomia erkidegoen eskumena dela muga hori ezartzea, eta azaldu du egungo egoera epidemiologikoa kontuan hartuko dutela Euskadin edukierak ezartzeko erabakia hartzeko. "Maximo hori finkatzean, gehiago mugatzeko aukera ematen digu", aurreratu du.
Ildo horretan, LABI Zientifiko-Teknikoa egunotan bilerak egiten ari dela esan du, eta egungo egoera epidemiologikoan oinarrituta, Sagarduik ez du baztertzen Iñigo Urkullu lehendakariak bilera bat deitzea murrizketak malgutzeko (adierazpenok egin eta gutxira, Urkulluk iragarri du datorren astean bilduko direla).
Hala azaldu du Radio Euskadiko "Boulevard" saioan, BECekoa bezalako txertodromo handiak itxi aurretik. "Gaurkoa egun sinbolikoa da; aurrerapauso handia da: 12 urtetik gorako herritarren % 90ek dosi bat jaso dute, eta egun gutxi barru horiek guztiek pauta osoa izango dute", iragarri du Osasun sailburuak. Azpimarratu duenez, mugarri hori osasun publikoaren "arrakasta handia" izan da, "egoeraren eta herritarren arabera egokitzen jakin baitu".
Osasun arloko langileei pandemiari aurre egiteko egin duten lana eskertu ostean azaldu duenez, txertaketak inflexio-puntu bat markatu du arazoari aurre egiteko orduan. Hala ere, horren hitzetan, txertaketa-gune handiak ixteak ez du esan nahi dosiak jartzeari utziko zaionik, "hala nahi duen pertsona bat badago eta dosiak eskuragarri badaude. Osakidetza txertoa jartzeko prest egongo da, edonon".
Xede-populazioaren ehuneko handia txertatuta dagoen arren, Sagarduik deitoratu egin du herritarren % 10ek oraindik lehen dosia jaso ez izana, "bereziki 20-29 urtekoek, interakzio sozial handiko taldea delako eta pandemia gelditzeko funtsezkoa delako". "Beraiengatik eta besteengatik pentsatzeko esango nieke", gaineratu du.
Nafarroako Foru Erkidegoa bezala, Euskadi osasun murrizketekin amaitzeko gertu ote dagoen galdetuta, Sagarduik azaldu du lurralde bakoitzak egoera "ezberdina" duela, eta "adierazleek uzten digutenean" izango dela gaineratu du. Zentzu horretan, trantsizio fase bat igaro ostean, egonkortze fase berri honetan egon behar dela azaldu du: "Ikusiko dugu nola egongo garen aste honetan. Horrek neurriak malgutzea ekarriko du, adierazleen arabera".