Gizartea
Erupzioa La Palman
La Palmako sumendiaren laba itsasora iritsi da
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Laba erreka gauerdian heldu da kostaldera, Tazacorten, eta handik ari da uretara erortzen. Inguruko udalerriak konfinatuta daude. Adituek zonalde horretara ez hurbiltzeko deia egin dute.
La Palmako sumendiaren laba erreka gauerdi honetan iritsi da itsasora, Tazacorteko kostaldean.
Kanarietako Irrati Telebistak (RTVC) eta Espainiako Ozeanografia Institutuak zabaldutako irudien arabera, laba astiro-astiro erori da uretara. Gaueko iluntasunarekin labaren goritasuna eta kea soilik ikus daitezke.
Laba uretara iristean sortutako gasak toxikoak izan daitezke begietarako, biriketarako eta azalerako, adituek ohartarazi dutenez.
Laba erreka Tazacorteko El Guirre hondartzako itsaslabarretik iritsi da itsasora. Atzo erupzioa moteldu ostean, gaur berriro indarrez bota du eta labak azkarrago egin ditu azken metroak.
Inguru horretara ez hurbiltzeko deia egin dute bolkanologoek, labak ura jotzean leherketak izan daitezkeela eta talka horrek eragindako gasak toxikoak direla ohartarazita.
Eremu horretako udalerriak konfinatuta daude.
50 metroko piramidea
Itsasoratu den erupzio bolkanikoaren material magmatikoak 50 metroko altuera duen piramide itxurako pilaketa osatu du, Espainiako Ozeanografia Institutuak iragarri duenez.
Observamos en directo el avance de las lavas hasta el pie del acantilado costero que proceden de la colada sur del volcán de La Palma.
— Geociencias Marinas (IEO) (@gemar_ieo) September 28, 2021
Se está generando un impresionante depósito de más de 50 m de altura.#VulcanaIII_0921 @IEOoceanografia pic.twitter.com/jpRn9JIQ4G
Eugenio Fraile ozeanografoak RTVCri adierazi dionez, piramide perfektu bat sortu da, gasak dituzten hodei zuriz inguratua, baina azkar desegiten dira.