Gizartea
Koronabirusa
Nola egingo dute deseskalatze prozesua EAEko osasun zentroetan?
EITB MEDIA
Pazienteak beste pertsona batek lagunduta joan ahalko dira anbulatoriora; covid-19aren sintomak dituzten gaixoak ordu-tarte zehatzetan artatuko dituzte; eta telefono bidezko kontsultak mantenduko dira.
-
Anbulantzia bat Aieteko osasun zentroaren aurrean. Artxiboko argazkia: EFE
Urtea amaitu orduko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroetan pandemia aurreko egoera berreskuratu nahi du Osakidetzak. Lehen Arretan % 65eko presentzialtasuna bermatuko dute, pazienteak beste pertsona batek lagunduta joan ahalko dira kontsultara eta covid-19aren sintomak dituzten gaixoak ordutegi zehatzetan artatuko dituzte.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi duenez, mailakatuta ondoko neurriak hartuko dituzte anbulatorioetan:
1- Osasun-zentroek dagoeneko ez dute covid eta ez-covid banaketarik izango. Herritarrei ohiko osasun zentroan emango zaie arreta.
2- Pazienteen eta profesionalen segurtasuna babesteko, arnasketa sintomatologia dutenei eta, beraz, covid-19arekin bateragarriak diren sintomak dituztenei, ordu-tarte zehatzetan emango zaie arreta. Arreta gainerako pazienteengandik bereizita ematea da helburua.
3- Pandemiari aurre egiteko ezarri ziren azpiegitura fisikoak kentzen hasiko dira, edukiera handitzeko asmoz. Besteak beste, proba diagnostikoak egiteko moduluak, manparak, barne-zirkuituak edo itxarongeletako zigiluak kenduko dituzte.
4- Pazienteak laguntzailearekin joan ahalko dira kontsultara.
5- Telefono bidezko kontsultak mantenduko dituzte, baina Osakidetzaren web-orriaren bidez aurretiko hitzordua hartzeko sistema berria diseinatuko dute, pazientearentzat zita hartzea errazagoa izan dadin.