Gizartea
Koronabirusa
EAEk txertaketa gune handiak itxiko ditu 12 urtetik gorakoen % 90ek gutxienez dosi bat jasota
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Goi errendimenduko txertaketa zentroak, beranduen dela, ostegunerako egongo dira zarratuta.
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) txertaketa gune handiak (Donostiako Illunbekoa, Barakaldoko BECekoa edo Gasteizko Lakua frontoikoa) itxiko ditu asteon, 12 urtetik gorako pertsonen % 90ek gutxienez dosi bat jaso dutela eta.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak egin du iragarpena, gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Osasun Sailak emandako datuen arabera, bi milioi dosi baino gehiago jarri dituzte gune horietan, hots, Osakidetzak emandako prestakin guztien % 63.
Beranduen dela, ostegunerako, irailaren 30erako, egongo dira zarratuta txertaketa guneak. Une horretatik aurrera, inokulatzeko hitzordua duten guztiei osasun zentroetan edo tarteko puntuetan emango zaie arreta, aldez aurretik behar bezala jakinarazita. Txertaketa gune berri horiek ostirala eta astelehena bitartean jarriko dira martxan, Sagarduik zehaztu duenez.