Gizartea
Koronabirusa
Positiboen gorakada txikia izan da Nafarroan, 25 kutsatze berri zenbatuta
I. R. | EITB MEDIA
Tuteran erregistratu dute kasu gehien, 5, eta Beran, Cintruenigon, Iruñean eta San Martin Unxen bina zenbatu dituzte.
-
Gazte bat PCR proba bat egiten Iruñean. Argazkia: EFE.
Apur bat gora egin du Nafarroan azken orduetan atzemandako kutsatzeen kopuruak, 25 positibo erregistratu baitituzte, igandean baino zortzi gehiago, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. Horrela, irailaren 20an beste erregistratu dituzte. Ordutik, 20tik behera zenbatu dituzte ia egunero.
Ez da hildakorik izan astelehen honetan eta bai hiru ospitaleratze, bat ZIUn. Gaur egun 38 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 11 ZIUetan.
Tuteran erregistratu dituzte kasu gehien, 5, eta Beran, Cintruenigon, Iruñean eta San Martin Unxen bina zenbatu dituzte.
Txertaketari dagokionez, astelehenean 1.534 dosi eman zituzten. Hala, administratuen kopurua 978.819koa da, eta jarraibide osoa 513.498 pertsonak dute.
Joerak bide horretatik jarraitzen badu, urriaren 1etik aurrera koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako neurri murriztaileak arintzea aurreikusi du Foru Gobernuak.