Gizartea
KORONABIRUSA
Intzidentzia metatuak beherantz egiten jarraitzen du EAEn, 89 kasukoa baita
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Araba (100.000 biztanleko 77 kasurekin) 60ko helburutik gero eta gertuago dago. Ospitaleetako presioak ere behera egin du, baina 41 gaixo daude larri, bezperan baino bat gehiago.
-
Gazte bat, koronabirusaren kontra txertatzeko unean. Argazkia: EFE
Izurriaren eragina txikituz doa Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta horren erakusle da, Bizi Berri IV planean jasotako adierazle nagusiena, intzidentzia tasa metatuaren bilakaera. Pilatutako tasak beherantz egiten jarraitzen du, eta 100.000 biztanleko 89 kasutan dago gaur gaurkoz. Are, Araba (77 puntu) "transmisio baxutik" (60 pilatutako kasu) gero eta gertuago dago.
Asteburuari dagokion buletin epidemiologikoa kaleratu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Horren arabera, 75 positibo berri zenbatu dituzte, bezperan baino 30 gutxiago. 4.195 proba diagnostiko egin ostean, % 1,8k eman du positibo. Bizkaiak hauteman ditu kutsatze gehien (43), larunbateko datuen maila badago ere. Tarte batera daude Gipuzkoa (18) eta Araba (11). Horiei guztiei EAEtik kanpo bizi diren hiru herritarren positiboak gehitu behar zaizkie.
Mantsoago bada ere, ospitaleetako presioa ere arinduz doa. Igande honetan 83 pertsona zeuden Osakidetzako ospitaleetako gela arruntetan, ostiralean baino 21 gutxiago. ZIUetako gaixoen kopuruak, baina, apur bat gora egin du, 41 eri baitaude orain (ostiralean 40 ziren). Horrez gain, 11 ospitaleratze izan dira azken orduetan.
Esan bezala, azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatuak datu onak ematen jarraitzen du, eta ostiraletik 10 puntu jaitsi da. Horrenbestez, EAEko batez bestekoa 9 kasutan dago 100.000 biztanleko. Lurraldeka, Arabak du datu onena (77 kasu), eta hortik gora daude Bizkaia (88) eta Gipuzkoa (89).
Ondorengo grafikoa ikus daiteke, argi asko, adierazle horrek izandako bilakaera. Iazko udan izandako datuetatik behera dago pilatutako tasa:
Pandemiaren bilakaera neurtzeko beste adierazle garrantzitsua R0 indizea da. Indize horrek positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopurua adierazten du, hots, covid-19aren zabaltzeko duen gaitasuna. Azken orduetan 0,86ra igo da (bezperan baino 0,07 gehiago). Ostiraleko datuarekin alderatuta, puntu bat pasatxo igo da, baina epidemiologoek gomendatutako langatik (1) behera dago, nolanahi ere. Lurraldeka, Arabak eta Gipuzkoak (hurrenez hurren, 0,94 eta 0,92) dituzte datu okerrenak, eta Bizkaiak batez bestekotik gertuago du bere indizea (0,80)
Adin tarteei dagokienez, intzidentzia tasa handiena 90 urte baino gehiago dituztenen artean dago (142 kasu 100.000 biztanleko). Txikiena, berriz, 70-79 urtekoena da (63).
Covid-19aren semaforoari erreparatuta, EAEko udalerri handi gehienek datuak hobetu dituzte. Donostia eta beste bederatzi udalerri eremu berdera igaro dira, eta hortaz, pilatutako tasa 60tik behera dute.