Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

EAEko intzidentzia metatua 100 kasutik behera jaitsi da

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Behera egin dute, halaber, ZIUetan dauden gaixoen kopuruak (46 dira orain, bezperako 49en aldean) eta ospitaleratzeak (24, bezperan baino lau gutxiago).

  • Bi emakume atseden hartzen, Bilbon.

    Bi emakume atseden hartzen, Bilbon. Argazkia: EITB Media

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 100.000 biztanleko 100 kasuko langatik behera kokatzea lortu du izurriaren eragin metatua (99,01 puntu, zehazki), 2020ko abuztutik lehen aldiz. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ere lortu dute marka bera, eta hala, azken asteetan atzemandako hobekuntza berretsi da. Eusko Jaurlaritzak helburu gisa duen 60 kasu metatuko helburutik gertuago da orain Euskadi.

Arabak du egoera epidemiologiko onena, azken 14 egunetan 85,40 kasu pilatu baititu. Gipuzkoa du atzetik (98,69 kasu), eta Bizkaia, ondoren (99,39).

Ostegunari dagokion buletin epidemiologikoaren arabera, 110 kutsatze berri zenbatu dira. Bizkaian atzeman dituzte gehien, 50; Gipuzkoan 42 positibo hauteman dituzte, eta Araban, 16. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren bi pertsona gaixotu dira koronabirusarekin. Bezperan baino proba gutxiago egin badira ere (5.690 egin dituzte ostegunean eta 6.827 asteazkenean), positibotasun tasak koska bat egin du gora, eta % 1,9an dago orain.

Izurriak zabaltzeko duen gaitasunari dagokionez, hots, R0 indizeari erreparatuta (positibo batek zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten du), 0,74an dago, bezperan ezarritako markari eutsiz (2020ko ekainetik atzemandako txikiena da). Edozein kasutan, komeni da Arabako egoera gertutik jarraitzea, 1etik gertu baitago indizea (0,96), hots, epidemiologoek onargarri moduan ezarritako zenbakitik hurbil. Bizkaiak (0,72) eta Gipuzkoak (0,69) EAEko batezbestekoaren antzerako kopuruak dituzte.

Ospitaleko presioak bere horretan jarraitzen du, 104 erietxeraturekin. ZIUetan, baina, zertxobait samurtu da egoera, 46 eri baitaude orain, bezperan baino hiru gutxiago. Horrez gain, pertsona gutxiago eraman behar izan dituzte ospitalera, 24, bezperan 28 izan ondoren.

Adinari erreparatuta, 40-49 urteko pertsonen artean zenbatu dituzte kasu berri gehien (22 positibo), eta 0-9 urtekoen taldean, ondoren (20 kutsatze).  Izurriak adin tarteka duen eraginari begiratuz gero, ordea, koronabirusak 90 urtetik gorakoak kolpatu ditu gogorren azken 14 egunetan (203,17 kasu pilatu dira 100.000 biztanleko). Tasa txikiena, aldiz, 60 eta 69 urte artean dituztenena da (67,79 puntu).

5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriei dagokienez, Lekeitio, Ondarroa eta Mutriku daude okerren, 300 kasutik gorako intzidentzia metatuarekin. Lekeitiok eremu gorrian jarraitzen du eta beste biak laranjan daude, koronabirusaren semaforoaren arabera. Alabaina, Lekeitiok hobera egin du nabarmen ostegunean, asteazkenean 913 kasu atzematetik ostegunean 691 zenbatzera jaitsi baita.

Nafarroak ere bilakaera ona du

EAEk bezala, Nafarroak ere datu "onak" eman ditu gaur. 23 positibo berri zenbatu dituzte, eta ez da inor hil, aurreko egunetako joera hautsita.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.