Gizartea
Koronabirusa
Beste pertsona bat hil da covid-19ak jota Nafarroan, transmisio txikiarekin jarraitzen badute ere
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Lau pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, eta horrenbestez, 44 dira erietxean daudenak, 13 ZIUn.
-
NUPeko txertaketa gune handia berriki itxi dute Nafarroan. Argazkia: EFE
85 urteko gizonezko bat hil da koronabirusak jota eta lau pertsona ospitaleratu behar izan dituzte Nafarroan. Dena dela, izurriaren transmisioa baxua da Foru Erkidegoan, eta asteazken honetan 18 positibo berri zenbatu dituzte.
Datuok eta azken hilabeteko bilakaerak agerian utzi dute atzo Osasun Publikoaren Institutuak iragarritakoa: covid-19aren zirkulazio epea bukatutzat eman daitekeela.
Heriotza berri horrekin, 1.243 dira pandemia hasi zenetik zendutakoak. Ospitaleetan 44 pertsona daude (bezperan baino lau gehiago), eta horietatik 13 ZIUetan daude.
Eguneko kutsatzeei dagokienez, 1.603 proba diagnostiko egin ostean atzeman zituzten 18 positiboak (proben % 1,3). Zazpigarren egunez jarraian atzeman dituzte 30 positibo baino gutxiago. Gainera, bezperan baino zortzi kasu gutxiago dira. Urrun daude duela astebete hautemandako 50 kutsatzeetatik, eta are urrunago duela 14 eguneko 81 kasuetatik.
Udalerri eta osasun guneei dagokienez, Cascanten eta Iruñeko Donibane auzoan bina kasu zenbatu dituzte, eta kutsatzeren bat atzeman duten gainerako herrietan bat bakarrik hauteman dute.