Itxi

Gizartea

Ipar Euskal Herria

Pirinio Atlantikoak eremu gorritik atera behar, haurrak musukorik gabe eskolara joan ahal izateko

E. L. | EiTB Media

Intzidentzia baxua duten zonaldeetan lehen hezkuntzako ikasleak maskararik gabe joan ahal izango dira eskolara urriaren 4tik aurrera, baina departamentuak 100.000 biztanleko 50 positiboen langa gainditzen du oraindik.

  • Haurrak Ipar Euskal Herriko ikastetxe batean. Irudia: EiTB Media

    Haurrak Ipar Euskal Herriko ikastetxe batean. Irudia: EiTB Media

Pirinio Atlantikoetako departamentua eremu gorritik ateratzen denean, Ipar Euskal Herriko haurrek eskolara musukorik gabe joateko aukera izango dute; izan ere, Frantziako Gobernuak covid-19aren aurkako neurriak arindu ditu birusaren intzidentzia baxua den zonaldeetan. Horrela, urriaren 4tik aurrera lehen hezkuntzako ikasleek ez dute maskararik jarri beharko eskolara joateko.

Hala ere, neurria ez da automatikoki aplikatuko Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, departamentuak 100.000 biztanleko 50 positiboen langa gainditzen duelako oraindik.

"Musukoa eramatea, ume txikien kasuan bereziki, ez da garrantzirik gabeko kontu bat", azaldu du Gabriel Attal Frantziako Gobernuko bozeramaileak agerraldi publiko batean.

"Itsasoz bestaldeko lurraldeetan egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du", baina Frantzia kontinentalean bilakaera "positiboa" du pandemiak, Attalek azpimarratu duenez. Bozeramaileak erantsi du azken astean positibo berriak % 30 murriztu direla egunero, eta ospitalean dauden pazienteen kopuruak % 11 behera egin duela.

Bestalde, "oraingoz", Frantziako agintariek ez dute "osasun pasaportea" kendu edo haren derrigortasuna murriztu nahi, ezinbestekoa baita zenbait tokietan sartzeko. "Baldintza berdinetan aplikatuko da", baieztatu du Attalek.