Itxi

Gizartea

La Palmako sumendia

Labak dena suntsitzen segitzen du La Palman, baina abiadura galdu du eta ez dago argi itsasora iritsiko den

Agentziak | EiTB Media

Labaren abiadura moteltzeak gutxienez Todoqueko bizilagunei etxera itzultzeko aukera eman die, funtsezko agiriak eta gauzak salbatzeko. Sumenditik ateratzen ari den labak 154 hektarea estali eta 320 eraikin txikitu ditu dagoeneko.

2:19
La Palmako sumendia

La Palmako sumendiaren erupzioak ez du etenik eta labak dena aurretik eramaten jarraitzen du, oso astiro bada ere. Orain, orduko lau metroko abiaduran mugitzen ari da. Adituek ez dakite erupzioa noiz amaitu daitekeen eta dagoeneko zalantzan jarri dute itsasora iritsiko dela.

Miguel Angel Morcuende Pevolcako zuzendari teknikoak asteazken honetan adierazi duenez, Cumbre Vieja sumendia "egonkortasun txikiko" egoeran dago, baina "nahikoa leherkorra" da. Hala ere, magma koladek abiadura galdu dute, eta oso motel aurrera egiten ari dira. Horregatik, adituak ez du iragarri nahi izan azkenean itsasora helduko ote den ala ez.

Larrialdi batzordea bildu ondoren prentsaurrekoa eman du Morcuendek. Sumendiak isurtzeko bederatzi gune dituela azaldu du, horietako lau aktibo daude. Erantsi duenez, orain arrakala bakarra du, nahiz eta hasiera batean bi izan.

Sumendiak "laba botatzen" jarraitzen du, eta koladak "moteltzen" ari dira biskositate handiagoa dutelako eta bidean dauden zulo naturalak "betetzen" ari direlako.

"Aurrera egiten jarraituko duela dio aurreikuspen matematikoak, baina itsasora iritsiko ote den ez dakigu. Ikusteko denbora izango dugu, magma geldiro doalako", zehaztu du. Hala ere, azken egunetako leherkortasuna errepikatzea ezin dela baztertu gaineratu du.

Nahiz eta leherkortasuna izan, uhartearen deformazioa "ez da hazi", eta 28 zentimetrotan jarraitzen du, horietatik 24 sei egunetan eragin zituen.

"Ez dakigu itsasora iritsiko ote den"

Sumenditik ateratzen ari den labak 154 hektarea estali eta 320 eraikin txikitu ditu dagoeneko, Europar Batasuneko Copernicus programa satelite bidez egiten ari den jarraipenaren arabera.

Kanarietako Bolkanologia Institutuak esan duenez, La Palma uharteko erupzioak 24-84 eguneko iraupena izan dezake.

Uhartean gertatutako erupzio historikoen datuak eskuan hartuta egindako kalkulua da, baina "erantzuteko batere erraza ez den galdera" bat dela onartu dute.

Hiru egunetan soilik labak estalitako eremua % 50 hazi da La Palman. Egoera 55 egunez luzatu daitekeela uste dute adituek; ondorioz, sumendia gutxienez azarora arte magma botatzen egongo da.

INTERESEKOA: Kontsultatu hemen La Palmako sumendiaren bilakaera

Laba desbideratzeko edo hozteko saiakera antzuak

Kanaria Handiko suhiltzaileak makineria astunarekin laba desbideratzen saiatu dira astearte gauean.

Era berean, suhiltzaileak laba mihia hozten saiatu dira zonalde batzuetan, makineria astunaren lanari denbora gehiago emateko asmoz, baina laba "geldiezinak" aurrera egiten jarraitzen duela onartu dute, batez ere Todoquen (Llanos de Aridane), uhartean lanean ari diren suhiltzaileek azaldu dutenez.

Nahiz eta larrialdi zerbitzuak labaren norabidea aldatzen saiatu, Angel Victor Torres Kanarietako presidentea eta Mariano Zapata La Palma Kabildoko buruzagia etsita agertu dira: "naturaren indarraren aurrean ez dago zereginik".

"Laba birbideratzea ezinezkoa da, eta ezin daiteke deus egin", deitoratu du krisi batzordeak.

Todoque, labak pixkanaka-pixkanaka itzali duen auzoa

Labaren abiadura moteltzeak gutxienez Todoqueko bizilagunei etxera itzultzeko aukera eman die, funtsezko agiriak eta gauzak salbatzeko. Etxebizitzek zutunik jarraitzen baldin badute behintzat, magmak asko txikitu dituelako jadanik.

Todoque bizitza zuen auzo bat zen. Anbulatorio, ikastetxe, botika eta jolastokia zituen. Baina orain hutsik dago, laba mihi ikaragarri batek zeharkatu eta bere historiaren zati bat estali duelako.

Sufre dioxidoa

Morcuenderen hitzetan, sufre oxidoaren neurketek "ez dute osasunarentzako arriskurik neurtzen", eta gasek altuera garaiena harrapatu dute, 1.000 metro inguru.

Hala ere, "sumendia ikusteko modurik onena telebistaren bidez da, herritarrak beste arrisku bat gehiago ez bihurtzeko eta errepideak ez betetzeko", ohartarazi du. Erupzioak begietan eta biriketan kalteak eragin ditzakeela esan du.

Konkretuki, erupzioaren sufre dioxidoak muki-mintzetan narritadura, negar-jarioa, biriken hantura edo bronkitisa, albeolitisa eta neumolitisa eragin ditzake, Espainiako Pneumologia eta Kirurgia Torazikoko Elkarteak ohartarazi duenez.

Sufre dioxido horrek iberiar penintsularen zati handi bat, ia Maroko eta Tunisia osoa eta Frantzia, Italia, Algeria eta Libiako kostaldeak estaliko ditu ostiralean, Copernicus Europako satelite sistemak jakitera eman duenez.

Twitterren zabaldutako argazki batean, ostiralerako iragarpena ikus daiteke. Orduan kontzentrazio maila handienak izango dira Marokoko kostalde atlantikoan, Espainiako Mediterraneoan, Sardiniako hegoaldean, Siziliako iparraldean eta Tunisiako kostaldean.