Itxi

Gizartea

Sumendiaren erupzioa

Ehunka etxebizitza suntsituta eta hainbat errepide kolapsatuta La Palman, labaren aurrerapenaren ondorioz

Agentziak | EITB Media

Sumenditik ateratzen ari den laba bi mihitan zatituta jaisten ari da, horietako batek "mugimendu oso txikia" du, apenas 2 metro orduko abiadura. Bestea, aldiz, errukigabe magaletik behera doa, astelehen gauean zabaldutako aho berriak elikatuta.

1:16
Moztutako errepidea

La Palman, igandean erupzioan sartu zen sumendiaren labak kostalderako bidean jarraitzen du, aurrez aurkitzen duen guztia suntsituz. Aurreikusitakoa baino motelago doa, orduko 120 metroko abiaduran, gutxi gorabehera, Copernicus sistemaren neurketen arabera. Jarraitu erupzioa zuzenean, hemen.

Hain zuzen ere, larrialdien jarraipena espaziotik egiteko Europako programa horrek zehaztu duenez, 185 eraikin irentsi ditu, 65 etxebizitza tartean, baina askoz gehiago suntsituko ditu Todoquen (1.200 biztanle inguruko herria) sartu ondoren. Asteartean, bizilagun asko euren etxea husten ibili ziren, ebakuatu aurretik. Herrigune hori da, hain zuzen ere, magmak itsasorako bidean duen azken oztopoa.

Dagoeneko 5.700 herritar baino gehiago ebakuatu dituzte, eta inor ez da ausartzen esaten noiz helduko den sumendiaren laba itsasora. Hala ere, adituek eta agintariek uste dute iritsi iritsiko dela, eta, horregatik, kontu handiz ibili behar dela ohartarazi dute; izan ere, aurreikuspenen arabera, 1.000 graduko tenperaturan dagoen labak ur gazia ukitzen duenean, gas toxikoak askatuko ditu eta leherketak izango dira.

Angel Victor Torres Kanarietako presidenteak azpimarratu duenez, une hori "kritikoa" izango da, eta 1971ko Teneguiaren erupzioaren aurrekaria gogorarazi du, pertsona bat hil baitzen orduan labaren eta itsasoaren arteko talkaren ondorioz sortutako gasak arnastuta.

Miguel Angel Morcuende Kanarietako Larrialdi Bolkanikoen Planaren (Pevolca) zuzendari teknikoaren arabera, laba bi mihitan banatuta jaisten ari da, eta horietako bat, Las Manchasko hego-mendebaldean dagoena, oso motel mugitzen ari da, orduko bi metro inguruko abiaduran, eta batzorde zientifikoak ez du argi suspertuko ote den.

Bestea, berriz, maldan behera doa, eta Todoquen sartu da dagoeneko, astelehen gauean ireki zen aho berriak (bederatzigarrena) elikatuta.