Itxi

Gizartea

Sumendiaren erupzioa

Agintariek "zuhurtzia" eskatu diete La Palmako herritarrei, egoera "aurreikusi ezin" daitekeelako

agentziak | EITB Media

Sumendiaren gertuko errepideetan barrena ez ibiltzeko galdegin diete, larrialdi zerbitzuen lana ez oztopatzeko. Ez dute baztertu jende gehiago ebakuatu behar izatea.

  • Laba kolada, Todoque auzoan barrena.

    Laba kolada, Todoque auzoan barrena. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernuak, Kanarietakoak eta La Palmako Kabildoak "zuhurtzia" eskatu diete La Palmako herritarrei. Hala, sumendiaren gertuko errepideetan ez ibiltzeko eta laba koladetara ez hurbiltzeko galdegin diete. Agintarien ahotan, Cumbre Vieja sumendiarekin "ezin da aurreikusi zer gertatuko den" eta horren erakusle da, adibidez, bart sortutako erupzio ahoa.

"Zuon segurtasunagatik eskatzen dizuegu, baita larrialdi zerbitzuek euren lana egin dezaten", adierazi du Mariano Hernandez Zapata La Palmako Kabildoaren presidenteak, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua eta Angel Victor Torres Kanarietako presidentea ondoan zituela.

Bestalde, Sanchezek erantsi duenez, "herritarrak lasai egon daitezke, segurtasuna bermatuta dagoelako".

Espainiako presidenteak azaldu du krisia ez dela amaituko laba itsasora heltzen denean, baizik eta La Palmako uharteak "normaltasuna" berreskuratzen duenean eta labak suntsitutako "guztia" berriro eraikitzen denean. 

Horren ildoan, iragarri du ministroen kontseiluak lehen pausoak eman dituela gaur uhartea larrialdi batek eragindako hondamendi eremu izendatuta. "Aste luzeak ditugu aurretik, erakunde guztiok elkarrekin aritzekoak eta kalteak zenbatzekoak", aitortu du. 

Espainiako presidenteak bi egun daramatza La Palman, baina iluntzean New Yorkera joango da, asteazkenean NBEn bileran egoteko. Nolanahi ere, bihar gauean Espainiara itzuliko da La Palmako sumendiaren jarraipena egitera.

Hain justu, Espainiako Gobernuak aparteko bilera monografikoa deitu du ostiralerako, krisiari aurre egiteko neurri ezberdinak aztertu eta adosteko.