Gizartea
Sumendiaren erupzioa
Zer gertatuko da laba itsasora iristen bada?
O.P. | Eitb Media
Meteorologoek uste dute laba itsasora iristeak tokian baino ez duela eragingo; ez dirudi euri azidoa isuriko luketen lainoak sortuko direnik itsasotik. Kezka handiagoa dute kontaktuaren momentuan sortuko diren gas toxikoengatik.
-
Labak itsasorantz egingo duen bidea. Infografia: EITB Media
Meteoredeko meteorologoek baztertu egin dute Cumbre Vieja sumendiaren erupzio-prozesuak euri azidoa eragin lezakeenik laba itsasoarekin kontaktuan sartuko balitz, eta kliman izango duen eragina tokiko eskalan izango dela uste dute, ez eskala globalean.
"Euri azidoaren gaiak ez gaitu bereziki kezkatzen gaur-gaurkoz. Bai, ordea, gas toxiko kopuru handiak", adierazi du Jose Miguel Viñas meteorologoak, Meteoredek udazken honetan egoera meteorologikoa aztertzeko antolatutako topaketa birtualean.
Adituak azaldu duenez 1.000 gradutara dagoen laba kostaldeko urarekin kontaktuan sartuz gero, "gas toxiko asko isuriko da, sufre dioxidoa, esaterako".
Gas horiek euri azidoa ekar dezaketen lainoak sorrarazteko aukera zabalik dago, baina, ez dirudi une honetan inguru horretan dagoen eguraldiak eta alisioek horretan lagunduko dutenik.
Viñasek ohartarazi duenez, material horiek "toxikotasun azido bat" ematen diete urari eta aireari, eta lurrun horiek sortzen direnean "perimetro handi samarrean eragingo dute".
Bestalde, Francisco Martin meteorologoak azpimarratu duenez, La Palmako sumendiaren inpaktua "eskala lokalean ulertu behar da, baina ez eskala globalean"; izan ere, erupzioa ez da erupzio leherkor bat, "horiek baitira epe ez oso luzera kliman eragina dutenak, hozte globala eraginez".
Gauzak horrela, esan du erupzio mota honek ez dituela materialak "kilometro batzuetako altitudeaz harago" jaurtitzen, eta, beraz, estratosferan sartzea lortzen ez badute, "ez da klima hozten".
Bestalde, Jose Antonio Maldonadok esan du ez litzatekeela harritzekoa izango La Palmako sumendiaren erupzioak "aste batzuk irautea gutxienez", izan ere, "badira hilabeteak iraun duten erupzioak ere". Gainera, laba itsasoarekin kontaktuan jarriko balitz gasak askatzeak izan ditzakeen "ondorio kaltegarriez" ohartarazi du.