Itxi

Gizartea

Koronabirusa

ZIUetako okupazioa 50era jaitsi da Euskadin, eta birusaren birsorkuntza-tasa 0,80ra

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Azken orduetan covid-19aren positibo berriak apur bat igo dira (69tik 119ra), baina positibotasuna % 2tik behera dago. Gainera, intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du, 115 kasuraino.

  • Txertoaren hirugarren dosiak egoitzetan

    Txertoaren hirugarren dosiak egoitzetan. Argazkia: EFE.

Pandemiaren bilakaerak hobera egiten jarraitzen du Euskadin. Covid-19aren positibo berriak apur bat igo diren arren (69tik 119ra), positibotasuna % 2tik behera dago oraindik.

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, eta 115 kasukoa da. Halaber, 114 gaixo daude gela arruntetan, 50 pertsona zainketa intentsiboetako unitateetan, eta birusaren birsorkuntza-tasa 0,80ra jaitsi da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, joan den astelehenean 6.723 proba diagnostiko egin zituzten, igandean baino gehiago, eta 119 kutsatu berri atzeman zituzten, aurreko egunean baino 50 gehiago. Horrela, positiboen tasa % 1,7tik % 1,8ra igo da.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 57 positibo berri atzeman dituzte Bizkaian (igandean baino 24 gehiago), 45 Gipuzkoan (aurreko egunean baino 19 gehiago), eta 11 Araban (aurreko egunean baino hiru gehiago). Horiez gain, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren sei pertsona kutsatu dira, aurreko egunean baino bi gehiago.

100.000 biztanleko 14 eguneko kasu positiboen tasa metatua bost puntu baino gehiago jaitsi da azken egunean eta 115,79 kasukoa da (121,56 kasu ziren igandean).

Araba da 100 kasutik beherako intzidentzia duen lurralde bakarra, 94,1 kasurekin, baina Bizkaia eta Gipuzkoa muga horretara hurbiltzen ari dira, 116,5 eta 118,5 kasurekin, hurrenez hurren.

Pandemiaren bilakaerak hobera egiten jarraituko du; izan ere, birsorkuntza-tasak (gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du) behera egiten jarraitzen du.

Horrela, R0 indizea 0,84tik 0,80ra jaitsi da 24 orduan, hilabete osoko jaitsierarik handiena. Adierazle hori 0,75ekoa da Gipuzkoan, 0,79koa Araban eta 0,83koa Bizkaian.

Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen du) 0,70 da (0,71 zen igandean).

Pandemiaren bilakaera on hori ospitaleko presioan ere islatzen da. 16 pertsona ospitaleratu dituzte koronabirusarekin astelehenean, aurreko egunean baino bat gehiago, baina pertsona gutxiago daude ospitaleratuta gela arruntetan, 114 (aurreko egunean baino hamar gutxiago).

Gainera, zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) 50 gaixo daude, aurreko egunean baino bi gutxiago.

5.000 biztanletik gorako zortzi udalerri daude transmisioko gune berdean, bezperan baino bat gehiago. Araban, Laudio; Bizkaian, Elorrio, Galdakao eta Ortuella; eta Gipuzkoan, Deba, Legazpi eta Lezo.

Donostia inguru horretara hurbiltzen ari da, 100.000 biztanleko 77,8 kasu erregistratu baititu.

Gainera, herri bakarra dago eremu gorrian, Lekeitio, eta 400 kasu baino gehiago ditu gainera, egoera horretatik atera baita Mutriku.

Pertsona bat hil da Gasteizen

Gasteizko Txagorritxu egoitzako erabiltzaile bat hil da ospitalean zegoela. Gainera, Arabako egoitzetan hiru erabiltzaile daude kutsatuta: bat Txagorritxu zentroan eta bi Jesus Guridi egoitza pribatuan.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak azaldu duenez, hildakoak hainbat patologia zituen aurretik, ospitaleratuta zegoen eta txertoa jaso zuen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.