Gizartea
Koronabirusa
Nafarroan dagoeneko hasi dira hirugarren txertoa ematen adinekoen egoitzetan
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Inokulazioa Lesakako eta Berako Andra Mari eta San Jose egoitzetan abiatu dute. EAEk atzo ekin zion egoitzetako egoiliarrak dosi gehigarriarekin babesteari, eta Ipar Euskal Herrian, joan den astean.
-
Gizon bat txertoaren dosi bat jasotzen Nafarroan. Artxiboko argazkia: EFE
Nafarroako Osasun Departamentuak astearte honetan ekin dio koronabirusaren kontrako hirugarren dosia adinekoen egoitzetako egoiliarrei emateari, erabiltzaileok duten "zaurgarritasun eta patologia aniztasuna" kontuan hartuta. Foru Erkidegoak EAEren lekukoa hartu du, horrenbestez. Atzo hasi ziren kanpainarekin EAEn, joan den ostegunean Osasun Publikoaren Batzordearen oniritzia jaso ostean. Ipar Euskal Herrian irailaren 13an abiatu zuten hirugarren txertoaren inokulazioa.
Zehazki, Lesakako Andra Mari egoitzan eta Berako San Jose egoitzan jarriko dituzte lehen txertoak, Departamentuak ohar batean jakinarazi duenez.
Arlo logistikoari dagokionez, kanpaina hori abiatzearekin batera txertaketa gune handiak itxiko dituzte. Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Maristen ikastetxea izandakoan paratutakoak zarratu dituzte jada, eta gaur bertan Tuterako Jesuiten ikastetxeko polikiroldegikoa itxiko dute.
Egoitzetako egoiliarrez gain, imunoeskasia duten pertsonak ere (2000 bat gaixo dira) babesten ari dira.
Nafarroako Gobernuak emandako azken datuen arabera, 508 501 nafarrek jaso dute pauta osoa, 12 urtetik gorakoen % 87,5 (populazio osoaren % 76,9).