Gizartea
Sumendiaren erupzioa
Laba "geldiezinak" 100 etxebizitza baino gehiago txikitu ditu La Palman
Agentziak | EITB Media
Sumendia egunero 6.000-9.000 tona sufre dioxido isurtzen ari da. Laba koladak batez beste sei metroko altuera du, eta 300 metro orduko abiaduran doa aurrera. Labak euri azidoa sortuko du itsasora heltzean.
Laba koladak La Palma uhartearen (Kanariak) kostaldera bidean dira, igande arratsaldean Cumbre Vieja sumendiaren erupzioa hasi ondoren. Dagoeneko 100 etxe baino gehiago suntsitu ditu labak, El Paso herrian, Udalak eta Kabildoak egindako aurreneko kalkuluen arabera. Jarraitu sumendiaren erupzioa, zuzenean, hemen.
Erupzioak ez du biktimarik eragin, baina 5.000 pertsona inguru ebakuatu behar izan dituzte El Paso, Los Llanos de Aridane eta Tazacorte udalerrietan, eta agintariek, zientzialariek gomendatuta, 2 kilometroko esklusio eremua ezarri dute, piroklastoen eta gasen eragina txikitzeko.
Ehunka metroko bi arrakala ikusi dituzte sumendian; iparretik hegorako norabidea dute, eta 200 bat metroko tartea dago bien artean. Piroklasto eta laba koladak puntu ezberdinetatik isurtzen eta jaurtitzen ari da.
Isuritako labak 1.075 graduko tenperatura du lurrazalean. Jadanik kono nagusi bat osatu du erupzioak sumendian, errauts zutabeak 1.500 metroko garaiera du, eta gasak 3.000 metrora jaurtitzen ari da.
Sumendia egunero 6.000-9.000 tona sufre dioxido isurtzen ari da. Laba koladak batez beste sei metroko altuera du, eta orduko 300 metroko abiaduran doa aurrera, bidean etxeak, azpiegiturak eta laborantza lursailak txikituz.
Lurrikarak gutxitu dira, baina indar txikikoak izaten ari dira. Lurrikara handiagoak izatea oraindik ezin da baztertu. Deformazioek jarraitzen dute, batez ere erupzioa izan den tokitik gertu. Horrela, 19 zentimetroko deformazioa pilatu da.
Zenbait errepide itxita daude, eta beste batzuetatik ez gidatzeko eta ez ibiltzeko gomendioa eman dute.
Angel Victor Torres Kanarietako presidenteak aurreratu duenez, laba kolada Tazacorteko kostaldera heltzea espero dute, eta litekeena da Playa Nueva (Los Guirres) hondartzan isurtzea.
Laba "geldiezina" dela esan du Torresek astelehen gauean, eta itsasoa joko duen tokietara ez hurbiltzeko eskatu die herritarrei. Horren harian, Teneguia sumendiaren erupzioa gogora ekarri du presidenteak; izan ere, orduan fenomeno naturalak hildako bakarra magma ozeanora iritsi zenean utzi zuen, biktimak substantzia toxikoak arnastu zituelako.
"Ez da biktimarik izan, eta horrela jarraitzea eskatu nahi dut. Oso arriskutsua izaten jarraitzen du", azpimarratu du buruzagiak Kanarietako telebistan. "Kalteak oso handiak" izango direla onartu du Torresek bertan.
Jose Mangas Kanaria Handiko Unibertsitateko Geologian katedradunak ohartarazi duenez, laba ibaiek lurreko komunikazioak, elektrikoak eta telefonikoak estaliko dituzte, eta euri azidoa sortuko dute itsasora heltzean.
Horregatik, Santa Cruzeko Itsas Kapitaintzak nabigazioa debekatu du erupzioa izan den zonaldearen inguruan.
Bestalde, sumendiaren erupzioak utziko duen lurra nekazaritzarako berreskuratzeko "prozesua nahiko motela" izango dela azaldu du Sergio Perez Ortega ikertzaileak, eta 20 urte baino gehiago beharko direla erantsi du.
Labak ozeanora heltzeko egitea espero den bidea. Irudia: EFE
Berreraikuntza
Erupzioak txikitu dituen etxebizitzak "premiaz eta berehala" berreraiki ahal izateko, lege-dekretu baten zirriborroan lanean ari da Kanarietako Gobernua.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak erakundeen "konpromiso irmoa" agertu du, eta hori berreraikuntzan nabarituko dela ziurtatu du.
Polemika Marotorekin
Azkenik, Reyes Maroto Turismo ministroak goizean egindako adierazpenak zehaztu behar izan ditu. "Gaur kaltedunekin eta biktimekin gaude", adierazi du Marotok, "naturak aldatu duen normaltasuna nola berreskuratu pentsatu behar dugu".
Ordu batzuk lehenago, uhartean dauden edo datozen egunetan La Palmara helduko diren turistei "lasaitasuna" eskatu, eta erupzioa bidaiarientzat "erakargarria" izan daitekeela esan du Marotok.