Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Hasi dira hirugarren txertoa jartzen Euskadiko nagusien egoitzetan

A. S. | EITB MEDIA

Joan den astean onartu zuen Osasun Publikoaren Batzordeak adinekoen egoitzetan hirugarren dosia jartzea, eta gaur jarriko dituzte lehendabizikoak Irunen.

  • Irungo Anaka Caser egoitzan egoiliar bat txertoa jasotzen

    Irungo Anaka Caser egoitzan egoiliar bat txertoa jasotzen. Irudia: EFE

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko adinekoen egoitzetan gaur ekin diote Pfizer txertoaren hirugarren dosia jartzeari, ostegunean Osasun Publikoaren Batzordean hala erabaki ostean. Guztira, 23.000 egoiliarrek jasoko dute hirugarren txertoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, gaur 132 txerto jarriko dizkiete Irungo Anaka Caser egoitzan bizi diren adinekoei. Araban, Gasteizko Zadorra egoitzan hasi dira indartze dosia jartzen, bertako 84 egoiliarri. Amaitzeko, Bizkaian, Elorrioko egoitzako 47 adinekok hartu dute hirugarren dosia.

Pfizer etxeko txertoak jarriko dizkiete, eta Osakidetza arduratuko da txertatzeko tresneriaz, eta egoitzetako erizainak, berriz, txetoak jartzeaz.

Joan den astean onartu zuen Osasun Publikoaren Batzordeak adinekoen egoitzetan hirugarren dosia jartzea, eta, esan bezala, gaur jarriko dituzte lehendabizikoak EAEko hainbat egoitzetan.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren ustez, koronabirusaren aurkako txertoaren hirugarren dosia adineko pertsona guztiei jarri behar zaie, eta ez soilik adinekoen egoitzetan daudenei. Bestalde, Osakidetza joan den astean hasi zen hirugarren dosia jartzen immunodepresio larria duten gaixoei.

Ipar Euskal Herrian joan den astean hasi zuten adinekoen egoitzetan covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia emateko prozesua. 80 urtetik gorako erabiltzaileak izango dira lehenak jasotzen, baina, oro har, 65 urtetik gorakoek eta immunodeprimituek hartuko dute hirugarren dosia.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.