Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Hauek dira irailaren 18tik aurrera Euskadin aplikatuko diren neurri berriak

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Larunbatetik aurrera, ostalaritzaren eta jarduera komertzial eta kultural guztien itxiera goizaldeko 03:00ak arte atzeratuko dute Euskadin, orain arte baino bi ordu beranduago.

  • Terraza bat Bilboko Casilda Iturrizar parkean

    Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez 8 pertsona, 12 terrazetan.

Iñigo Urkullu lehendakaria Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) batzordearen bilerako buru izan da ostiral honetan, eta, pandemiaren martxa aztertu ondoren, irailaren 1etik indarrean dauden murrizketak lasaitzea erabaki du.

Hauek dira irailaren 18tik aurrera indarrean sartuko diren neurri berriak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren.

Maskara: Nahitaez erabili behar da barnealdeetan eta kanpoan segurtasun-distantzia mantendu ezin denean.

Ordutegiak: 03:00etan, establezimenduak ixtea eta kultura-, gizarte- eta merkataritza-jarduerak etetea.

Edukierak: Bai merkataritzan, bai orokorrean, % 75, muga espezifiko bat aplikatzen denean izan ezik.

Publikoa ekitaldietan: Edukiera, oro har, % 75ekoa da. 3.000 pertsonatik beherako esparruetan, gehienez 1.500 izango dira barnealdean eta 1.800 kanpoaldean. 3.000 baino gehiagoko esparruetan, edukiera ez da % 40tik gorakoa izango barnealdeetan eta % 60tik gorakoa esparru irekietan.

Ostalaritza: Barrualdean edukiera % 75ekoa da. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez 8 pertsona, eta terrazetan 12. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, irensteko unean izan ezik. Joko-lokaletan muga berberak aplikatuko dira.

Txokoak: % 75eko edukiera. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez 8 pertsona. Nahitaezkoa da maskara, irensteko unean izan ezik. Etengabe aireztatzeko betebeharra.

Gaueko aisia: Jarduerari berrekin ahal izango diote % 50eko edukierarekin. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean gehienez 8 pertsona eta terrazetan 12. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, irensteko unean izan ezik. Dantza-pistak maskararekin erabili ahal izango dira soilik.

Gazteen lonjak eta lokalak: Berriro ireki ahal izango dira 16 eta 29 urte bitarteko adin-tartean txertaketak jarraibide osoarekin % 85 gainditzen duen unetik aurrera.

Kirola egitea: Barneko instalazioetan, gehienez 16ko taldeak. Gehieneko edukieraren % 50ean erabili ahal izango dira aldagelak, eta dutxak banaka edo 2 metroko distantzia mantenduz.

Mantendu beharreko prebentzio-jarrerak: Maskara erabiltzea, barrualdeak etengabe aireztatzea, pertsonen arteko distantzia, eskuen eta gainazalen higienea. Jende
pilaketak saihestea, txertaketan parte hartzea, eta kasuen miaketan laguntzea eta, hala dagokionean, berrogeialdiak eta isolamenduak betetzea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.