Gizartea
Koronabirusa
Euskadin gaueko aisialdia berreskuratzeko aukera mahai gainean jarriko du gaur LABIk
EITB MEDIA
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa alertaren 2 mailara jatsi dira. Bizi Berri IV planaren arabera, agertoki honetan edukiera handitzea, ordutegiak luzatzea eta taldean bildu daitezkeen pertsonen kopurua 10era zabaltzea posible litzateke. Horrekin batera, diskotekak irekitzea eztabaidatuko dute.
Iñigo Urkullu lehendakariak zuzentzen duen LABI batzorde instituzionala 09:30etik dago bilduta, eta, aurreikuspenen arabera, covid-19aren ondorioz indarrean dauden murrizketak malgutzea erabakiko du. EITBk jakin ahal izan duenez, hartuko dituzten neurrien artean, gaueko aisialdia irekitzeko aukera nabarmentzen da, nahiz eta Bizi Berri IV planak oraingoz hori aurreikusten ez duen.
11:30 inguruan, lehendakariak eta Gotzone Sagardui sailburuak agerraldia egingo dute hartutako erabakien berri emango dute. Prentsaurrekoa zuzenean eskainiko dugu eitb.eus-en.
Intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 150 kasutik jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoan eta, ondorioz, transmisioaren egoera 3 mailatik 2 mailara igaro da.
Ospitaleetan ere egoerak hobera egin du, zainketa intentsiboetako unitateetan oraindik 52 paziente badaude ere.
Halaber, azken hilabeteetan txertaketa kanpainak abiadura hartu du eta 12 urtetik gorako pertsonen % 90ek txertoaren lehen dosia jarrita dute.
Datu horiek kontuan hartuta, LABIk hainbat neurri malgutuko dituela espero da, eta, besteak beste, litekeena da gaueko aisialdia irekitzeko aukera –diskotekek urtebete eta erdi daramate itxita- mahai gainean egotea.
Eusko Jaurlaritzaren Bizi Berri IV plana-ren arabera, transmisioaren 2 mailan, ostalaritzaren eta jarduera kulturalen ordutegiak 02:00ak luzatu daitezke.
Halaber, establezimenduetako eta bestelako eremuetako edukiera, oro har, % 60ra handitu daiteke; eta taldean gehienez bildu daitezkeen pertsonen kopurua 10era zabaltzea posible izango litzateke, betiere aipatu dokumentuaren arabera.