Itxi

Ume lapurtuak

Bilera

Haur lapurtuen senideek lehendakariaren babesa eskertu dute

Erredakzioa

Bilbao

SOS Haur Lapurtuen elkarteko eta Losa-Ocariz familiako ordezkaritza batek beren arazoak eta eskariak helarazi dizkiote Patxi Lopezi.

  • Haur lapurtuen senideak hartu ditu lehendakariak Argazkia: EITB

    Haur lapurtuen senideak hartu ditu lehendakariak Argazkia: EITB

Patxi Lopez lehendakaria eta Idoia Mendia Justizia sailburua SOS Haur Lapurtuak elkartearekin bildu dira gaur Eusko Legebiltzarrean. Hain justu, Frankismo garaian Haur lapurtuen auzia ikertzeko batzorde berezi bat sortzea onartu du gaur Gasteizko Ganberak.

Bileraren ondoren, Cecilia Losa Frankismo garaian lapurtutako ume baten senideak esan du adi egongo direla Jaurlaritzak eta alderdiek adostutako konpromisoak betetzen dituztela ziurtatzeko: "ezin dugu utzi ikerketak bertan behera gelditzea eta Ertzaintzak azken muturrera heltzeko bitartekorik ez izatea".

Flor Diaz SOS Haur Lapurtuak elkarteko presidenteak lehendakariaren babesa eskertu du, baita Justizia, Osasun eta Barne sailburuek adostutako elkarlana. Haur lapurtuen auzia ikertzeko Batzordea sortzea txalotu du Diazek eta orain arte afera horretan familiek sentitu duten "bakardadea'" ekarri du gogora. "Kasu hauek guztiak isilpean gordetzeko ote ziren beldur ziren familiak", esan du. Hori dela eta, Legebiltzarrak bultzatutako ekimenaren ondorioz '"lasaiago" sentitzen direla adierazi du.

Bilera "argigarria"

Bilera "argigarria" izan dela esan du Idoia Mendia Justizia sailburuak. Haur lapurtuek elkarteak babes ekonomikoa eta batzartzeko tokiak eskatu dizkio Jaurlaritzari, baina Mendiak esan du Jaurlaritzak ezin duela halakorik eskaini. Hala ere, aurreratu du Irungo udaletxea eta Gipuzkoako Aldundia harremanetan daudela toki bat luzatzeko eta, Gasteizen ere, lehendakariak hala eskatuta, batzartzeko toki bat emateko eskatuko diola Basagoitik Javier Maroto alkateari.