Gizartea
Bilbo
Bilboko TAO zerbitzua 2022an iritsiko da Ibarrekolanda, Abusu eta San Ignazio auzoetara
EITB MEDIA
Gainera, zerbitzuak ordutegi jarraitua izango du, hau da, bazkalorduan ere ordaindu egin beharko da, orain ez bezala.
Bilboko Udalak hiriko beste hiru auzotara zabalduko du TAO zerbitzua: Ibarrekolanda, Abusu eta San Ignazio. Hala iragarri du gaur Alfonso Gil Mugikortasun Iraunkorreko zinegotziak, eta, azaldu duenez, bide publikoko aparkamendua kontrolatu eta ordenatzeko zerbitzua "2022ko lehen hiruhilekotik" aurrera jarriko da martxan hiru gune horietan.
Udalak azaldu duenez, neurri horrekin, auzotarren eskariari erantzun nahi diote.
Gainera, litekeena da TAO udal-ordenantza berria urrian onartzea.
Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak ziurtatu duenez, "2022ko lehen hiruhilekoan TAO, gaur ezagutzen dugun bezala, San Ignazio, Ibarrekolanda eta Abusura helduko da", bizilagunen eskakizun "zaharrenetariko" bat.
Berritasunak
Ordenantza berriak nobedadeak izango ditu. Horrela, TAO zerbitzuak ordutegi etengabea izango du Bilboko erdialdean 09:00etatik 20:00etara; orain, ordea, 09:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 20:00etara eskaintzen da. Era berean, isunak parkimetroetan baliogabetzea debekatuko du araudi berriak.
Horrela, Bilboko erdialdean ez da posible izango hiru ordu baino gehiago aparkatzea gune berdean zein urdinean, eta ez da zerbitzu etenik izango eguerdian. Bien bitartean, ordutegia 14:00etara arte luzatuko da larunbatetan, eta mugikortasun eskaseko pertsonak TAO guneetan doan aparkatu ahal izango dute aurreneko bi orduetan.
Karga eta deskarga lanei dagokienez, ordenantza berriak zonalde zehatzak jasotzen jarraituko du, baina ibilgailu berezi batzuek haietatik kanpo aparkatzeko aukera izango dute, hirian merkantzien joan-etorria areagotu delako.