Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Itsasuko ikastola itxi dute hainbat covid kasu atzeman ostean

A. S. | EITB MEDIA

Gutxienez astebetez egongo da itxita, asteartera arte behintzat, Euskal Irratiak sareak jakitera eman duenez.

  • Haurrak eskolara sartzen.

    Haurrak eskolara sartzen. EITB Mediaren artxiboko argazki bat

Hainbat covid kasu agertu ostean, Itsasuko Arrokagarai Ikastola ixtea erabaki dute, Lapurdin. Gutxienez astebetez egongo da itxita, irailaren 14ra arte behintzat, Euskal Irratiak sareak jakitera eman duenez.

Ipar Euskal Herriko umeek eta gazteek irailaren 2an ekin zioten ikasturte berriari, covid-19ari aurre egiteko protokolo zaindu batekin. Oro har, joan den ikasturte amaierako neurriei eutsi diete, baina, arduradunek azaldu dutenez, aldaketak izan daitezke unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera.

Arrokagarai ikastola izan da lehenengoa ateak ixten. Erabakia Eskualdeko Osasun Agentziak eta Pirinio Atlantikoen Prefeturak hartu dute, zenbait koronabirus kasu atzeman ondoren.

Arrokagarai ikastolak 2010-2011 ikasturtean zabaldu zituen ateak, Itsasun, 17 haurrekin. 2020-2021 ikasturtean, berriz, 90 haurrekin ekin dio kurtsoari, Itsasu, Ezpeleta, Luhuso eta Makea udalerrietako ikasleekin.