Gizartea
Koronabirusa
Kutsatuen kopuruak beherantz jarraitzen du Nafarroan, heriotza berri bat izan den egunean
I. R. | EITB MEDIA
Guztira, 27 kasu atzeman dituzte astelehenean; Iruñeko Arrotxapea auzoa izan da kaltetuena azken orduetan, bost positibo berri zenbatu baitituzte bertan, eta Betelu eta Fitero ageri dira zerrendan ondoren, hirunarekin. Positibitate-tasa azken urteko baxuena da (% 1,7).
-
Pertsona talde bat txertoa jasotzeko itxaroten. Argazkia: EFE.
Nafarroan, 27 koronabirus kasu berri erregistratu dituzte astelehen honetan, Osasun Departamentuak emandako datuen arabera. Ekainaren 20tik izan den kutsatuen kopururik txikiena da.
Atzo 1.558 diagnosi-proba egin ziren eta % 1,7 baino ez ziren izan positibo. Urritik erregistratutako positibitate-tasa baxuena da.
Kutsatu kopuruaren jaitsiera nabarmena da; izan ere, 39 kasu atzeman zituzten igandean (% 5eko positibotasuna); 55 zenbatu zituzten larunbatean (% 6,2); 47, ostiralean (% 3,6); 48, ostegunean (% 3,7); 81, asteazkenean (% 9); 53, asteartean (% 4,1), eta 70, astelehenean (% 5,3).
Iruñeko Arrotxapea auzoa izan da kaltetuena azken orduetan, bost positibo berri atzeman baitituzte bertan, eta Betelu eta Fitero ageri dira zerrendan ondoren, hiruna kasurekin.
Datuak onak izan arren, pertsona bat hil da azken orduetan covid-19agatik; hala, 1.233 dira guztira Nafarroan koronabirusagatik hil diren pertsonak.
Atzo, 17 pertsona ospitaleratu zituzten, horietako 2 zainketa intentsiboen unitatean. Gaur egun, beraz, 62 pertsona daude ospitaleratuta (bezperan baino 3 gutxiago) eta 17 daude ZIUn (igandean baino 3 gutxiago).
Txertaketari dagokionez, astelehenean 228 dosi jarri ziren, eta, ondorioz, inokulatutako dosiak 961.317 dira jada. Horrela, Nafarroan 503.721 pertsonak dute pauta osoa.
Neurrien arintzea
Egoera epidemiologikoa hobera egiten ari dela eta, ostiraletik aurrera ostalaritzaren eta gaueko aisialdiaren ordutegiak luzatzea, garraioaren edukierak handitzea, gazteen lokalak berriz zabaltzea eta kanpoaldean gehienez 10 pertsona biltzeko muga kentzea planteatu du Nafarroako Gobernuak.