Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Nafarroak ostalaritzaren eta gaueko aisialdiaren ordutegiak luzatuko ditu ostiralean

Agentziak | EITB Media

Gainera, gazteen lonjak zabaltzea, garraioaren aforoak handitzea eta kanpoaldean gehienez 10 pertsona biltzeko muga kentzea planteatu du Foru Gobernuak.

  • Iruñeko terraza bat. Argazkia: EFE

    Iruñeko terraza bat. Argazkia: EFE

Ostiraletik aurrera ostalaritzaren eta gaueko aisialdiaren ordutegiak luzatzea, garraioaren aforoak handitzea, gazteen lonjak berriz zabaltzea eta kanpoaldean gehienez 10 pertsona biltzeko muga kentzea planteatu du Nafarroako Gobernuak.

Foru agindua Nafarroako Auzitegi Nagusiari igorriko diote astearte honetan, hark baimena eman dezan. Justiziak neurri sorta onartuz gero, ostiralean indarrean sartu eta irailaren 30era arte aplikatuko litzateke.

Astelehen honetatik Foru Erkidegoa arrisku ertaineko egoera epidemiologikoan dago. Horregatik, neurri murriztaileak egokitu nahi ditu Nafarroako Exekutiboak.

Pandemiaren egoera aztertu ondoren, birusari eusteko ahalik eta arau gutxien aplikatzeko irizpidearekin, foru arau berriak kanpoaldean gehienez 10 pertsona biltzeko muga kenduko du, oinarrizko eskubideei eragiten dielako.

Gainera, ostalaritzaren ordutegia 02:00etara arte luzatuko ditu. Bitartean, lizentzia berezia duten tabernak 03:00etara arte irekiko dituzte, eta diskoteka eta gaueko aisialdiko aretoak 4:30era arte. Hiru kasuetan lokalak husteko tartea ordutegian dago jasota.

Era berean, mahaikideen artean 70 zentimetroko distantzia kenduko dute, baina barran ez kontsumitzeko irizpide orokorra mantentzen da.

Garraioari dagokionez, aforoa % 75era handituko dute, aireztapen egoki bat mantentzeko beharraren garrantzia azpimarratuz. Iruñerriako Mankomunitateak puntako orduetan zerbitzua areagotzeko konpromisoa hartu du, jendetzarik ez pilatzeko.

Gainera, etxabeak edo gazteen lonjak berriro zabaltzea posible izango da, Osasun departamentuko idazkaritza teknikoaren zein udalaren aurrean ardura adierazpen bat aurkezten baldin badute.

Entzierroak kalean

Neurri gehiago hartzeko sektore ezberdinekin biltzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak. Zentzu horretan, Nafarroako Udalerrien Federazioarekin eta ganadu sektoreko ordezkariekin bildu nahi du Exekutiboak, egutegi bat finkatzeko, kalean herri entzierroak egin ahal izateko helburuarekin. Epe laburrera egin ahal izatea espero dute.

Iragan astean, % 40ko aforoa ezarri zuten 2.400 pertsona hartzeko gaitasuna duten toki itxietan, eta % 60koa 5.000 pertsona baino gehiago hartzeko gaitasuna duten leku irekietan.